Gizartea -

Arnas birusa

Bronkiolitisa prebenitzeko jarraibideak, pandemiako murriztapenen ondoren

Datorren neguan birusaren intzidentziak gora egitea espero da Euskadin, 2 urtetik beherako 1.000tik 25 adingaberi eragiten baitie.

Bronkiolitis larrienak sei hilabetetik beherako haurtxoei eragiten die. Argazkia: Pixabay
Bronkiolitis larrienak sei hilabetetik beherako haurtxoei eragiten die.
Bronkiolitis larrienak sei hilabetetik beherako haurtxoei eragiten die. Argazkia: Pixabay

N. B. | Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bronkiolitis akutua bi urte baino gutxiagoko haurrei eragin ohi dien arnas infekzio bat da. Birus baten ondorioz, kaltetu egiten dira biriketako bronkio txikiak. Gehienetan, Arnas Birus Sintzitialak eragiten du bronkiolitisa, eta epidemietan agertu ohi da, urritik martxora bitartean. Hala ere, azken bi urteetan, eta covid-19aren hedapena saihesteko hartutako neurrien ondorioz, bronkiolitis akutuaren kasuak gutxitu egin dira.

Behin neurri horiek baliogabetuta, Euskal Osasun Zerbitzuak aurreikusten du aurten epidemia pandemia aurreko urteetako intentsitate eta eragin berdintsuarekin itzuliko dela. Osakidetzak ohar batean emandako datuen arabera, 2 urtetik beherako 1.000 adingabetik 25ek gaixotasun hori izaten zuten Euskadin koronabirusak eztanda egin aurretik, epidemiak irauten duen hilabete bakoitzeko.

Aldi horretako kontsultetara ekarrita, bronkiolitisaren 4.500 kasu artatu ohi dira Lehen Mailako Arretan, eta 2.500 ospitaleko larrialdi kasu, 450 ospitalizaziorekin.

Arrazoi horiek direla eta, Osakidetzak informazio kanpaina bati eman dio hasiera, eta kutsatzeak saihesteko neurriak zorroztea gomendatzen du.

Arnas Birus Sintzitiala airearen bidez transmititzen da, eta sintoma nagusiak eztula eta arnasteko zailtasuna dira. Kutsatzea jariakinen bidez (mukiak, esate baterako) zein eskuen bidez gerta daiteke.

Pertsona helduek birusa harrapatu dezakete, eta, kasu horietan, sintomak arinak izango dira. Hala ere, kutsatze iturri izan daitezke haur txiki batentzat, eta bronkiolitisa eragin diezaioke birusak.

Bronkiolitisa larriagoa izaten da 6 hilabetetik beherako haurrengan, eta kutsatze iturri nagusia haur handiagoak izaten dira; neba-arrebak, sarritan.

Hasieran, eztula eta sudurreko mukiak agertu ohi dira, katarro arruntaren sintomak, eta sukarra ere ager daiteke. 2-4 egunen buruan, baliteke arnasa hartzeko zailtasuna agertzea; haurrak azkarrago arnasten duela eta jatea kostatzen zaiola nabarituko dugu halakoetan. Batzuetan, "txistu-hotsak" entzuten dira haurraren bularrean, edo arnasa hartzeko zailtasuna antzematen zaio (arnasa hartzean, saihetsak hondoratzen ditu, edo sabela mugitzen).

Sintomek astebete edo bi aste iraun ohi dute gehienez, baina, kasu batzuetan, eztula iraunkorragoa izaten da, eta lau astera arte luza daiteke.

Tratamendua eta prebentzio-neurriak

Egun, ez da bronkiolitisaren aurkako sendagairik. Haur gehienek gaixotasun arin bat besterik ez dute jasango, neurri orokorrak erabilita gaindituko dena (sudurreko garbiketa edo arnasketa-kontrola, batik bat).

Edonola ere, eskuak sarritan garbitzea komeni da. Halaber, tabako-kea saihestu behar da, sintomak okertu baititzake.

Osakidetzak gomendatu duenez, ahal dela, haurra ez da beste ume batzuekin kontaktuan egon behar (hau da, ez da haurtzaindegira joan behar prozesuak dirauen bitartean). Haur txiki baten neba-arreba kutsatuta egonez gero, hobe da harekin distantzia gordetzea, ahal den neurrian.

Halaber, prebentziorako giltza izan daiteke epidemia garaian hotzeria duten haur nagusiekin eta pertsona helduekin kontaktua ekiditea. Arina izan arren, birusaren infekzio foku izan daiteke, eta haur txikiari bronkiolitisa eragin diezaioke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak