Gizartea -

Osasuna

150 larruazal minbizi kasu atzematen dituzte urtero Bizkaian

Minbiziaren Aurkako Elkarte Espainiarrak aholkuak eman ditu eguzkitan arrisku barik izateko.

12:00etatik 16:00etara eguzkitan ez izatea gomendatu dute. EFE
12:00etatik 16:00etara eguzkitan ez izatea gomendatu dute. EFE
12:00etatik 16:00etara eguzkitan ez izatea gomendatu dute. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero 150 melanoma (larruazal minbizi larria) kasu atzematen dituzte Bizkaian. Gaixotasun hori "ez da oso ohikoa", baina garaiz diagnostikatu ezean, "pronostiko oso larria" dauka.

Adela Olascoaga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko lurralde zuzendariak, Gabriel Otalora Minbiziaren Aurkako Elkarte Espainiarrak (AECC) Bizkaian duen gerenteak eta Rosa Melero Bizkaiko Botikarien Elkargoko ordezkariak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, kontzientziazio kanpaina bat aurkezteko.

Olascoagak ohartarazi duenez, larruazal minbizi kasuak "larriki" ugaritu dira 70eko hamarkadatik, eta gaixotasuna "oso erasokorra" da.

"Metastasiarekin, biziraupena ez da bost urtekoa baino handiagoa", nabarmendu du. Horregatik, eguzkitan izateak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela ezagutzeko dei egin du.

Kontzientziazio zeregin horretarako, AECCk kanpaina ibiltaria abiatuko du Bizkaiko 47 herritan, gaurtik abuztuaren 4 arte.

Eguzkitan izateko gomendioak

Otalorak ohartarazi du larruazalak "oroimena" duela, hau da, eguzkitan emandako orduak pilatu egiten dituela, eta, beraz, "astakeriak" ordaindu egiten direla.

Rosa Molerok minbizia agertzeko faktoreak azaldu ditu: egunaren unea (ordu zentralak dira kaltegarrienak), altitudea (mendian arriskutsuagoa), latitudea (zenbat eta gertuago ekuadorretik, gero eta indartsuagoak eguzki izpiak), gainazala (elurrak izpien % 85 islatzen ditu), eguraldia, urtaroa eta zenbait sendagai hartzea.

Arriskua gutxitzeko, AECCk hainbat aholku eman ditu: 12:00etatik 16:00etara eguzkitan ez izatea, izpien azpian luze ez izatea, eguzkitako betaurrekoak janztea, krema jartzea bainatu ostean eta bi ordutan behin, ur asko edatea eta babesak erabiltzea (eguzkitakoak, txanoak, kamisetak...).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea