Gizartea -
Bilbo
Auto bat Interneten salgai jarri eta erosleei lapurreta egin diete
Ustez autoa erosteko asmoa zuen bikoteari 6.000 euro lapurtzeagatik atxilotu dituzte bi gizon Bilboko udaltzainek.
Erredakzioa
Bilboko Udaltzaingoak 21 eta 24 urteko bi gizonezko atxilotu ditu. Antza, auto bat salgai jarri zuten Interneten eta hura erosteko asmoa zuen bikoteari lapurreta egin izana egozten diete.
Gertakaria joan den maiatzaren 17an jazo zen Bilbon, Artxanda inguruan. Vigoko bikote bat ustezko saltzailearekin telefonoz harremanetan jarri zen eta Interneten iragarritako autoa (Audi S3) 6.000 euro inguruan erosteko tratua egin zuten.
Salmenta egiteko tokia, data eta ordua jarri ondoren, Vigoko bikotea Bilbora gerturatu zen. Bertan ustezko saltzaileetako batekin gelditu ziren, azken hau euren autoan sartu eta salgai zuen Audia aparkatuta zegoen tokira gerturatu zituen.
Han ustezko lapurrak bere konplizeari deitu zion eta autoko leihora hurbildutakoan bikoteari aizto bana erakutsiz mehatxu egin zieten eta gainean zuten dirua lapurtu zieten.
Bikote galiziarrak 5.900 euro zituen, autoa erosi ahal izateko eraman zuen dirua, alegia. Horrez gain, sakelako telefonoak eta giltzak ere lapurtu zizkieten.
Vigoko bikoteak Bilboko Udaltzaingoari ohartarazi zion gertatutakoa. Agenteek ikerketa jarri zuten abian, eta azkenik, ustezko lapurrak identifikatzea lortu dute. Bi gizonezkoak, epaileak aginduta kartzelan dira jada.