Gizartea -

Sutea

Balmasedako suteak 441 hektarea kaltetu ditu

Arbalizako 426 hektarea kiskali ziren, eta Zallako Herrerako beste 15. Azken 30 urteetan Bizkaian izan den suterik handiena da. Batez ere, mozteko adinean zeuden koniferoen masa helduak (berehala moztu beharko dituzte), eta beste birpopulatze gazteago batzuk kaltetu dira.

Sutea igandean piztu zen, Balmasedan. Argazkia: EFE.
Sutea igandean piztu zen, Balmasedan. Argazkia: EFE.
Balmasedako sutean kiskalitako eremuaren aireko irudiak

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Balmasedan piztutako suteak lurraldeko 441 hektarea kaltetu ditu. Hain zuzen, Arbalizako 426 hektarea kiskali ziren, eta Zallako Herrerako beste 15. Azken 30 urteetan Bizkaian izan den suterik handiena da, eta, batez ere, mozteko adinean zeuden koniferoen masa helduak (berehala moztu beharko dituzte), eta beste birpopulatze gazteago batzuk kaltetu dira.

Hala, suteak 441 hektareako lursaila kaltetu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko langileek hasieran egindako neurketaren arabera. Hektareetako 426 Arbalizan daude, eta gainerako 15 hektareak, La Herreran (Zalla). Dimentsio horrekin, sute hori Bizkaian azken 30 urteetan erregistratutako handiena da.

Sute "ezohikoa", portaera bortitz eta larriagatik

Sute hori ere ezohikotzat jo daiteke, Aldundiaren arabera; izan ere, lurraldean gertatu diren suteetan orain arte izan den portaera baino bortitzagoa eta larriagoa izan da. Haize bolada gogorren eta landarediaren lehortasunaren ondorioz, sua indar handiz zabaldu zen. Haizeguneetan 120 km/h-tik gorako boladak izan ziren, eta horrek baso sute bat eragin zuen; suteak muturreko portaera eta hedapen leherkorra izan zituen, eta itzaltzeko ahalmena hutsa izan zen, hein handi batean.

Hego-mendebaldeko haize nagusiek Balmaseda eta Artziniega lotzen dituen errepidearen inguruan, Burgosekiko mugaren ondoan, Balmaseda eta Zalla udalerrietarantz hedatu zuten sutearen burua, eta isatsean ere, leherkortasun handiarekin, Burgosko lurralderantz jo zuen, Bortedo eta Antuñano herrietarantz.

Balmasedako eta Zallako Udalen jabetzako eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako (onura publikoko mendiak) mendietako lurretan zabaldu zen sua batez ere, eta, batik bat, mozteko adinean dauden koniferoen masa helduak (berehala moztuko dira) eta beste baso-berritze gazteago batzuk kaltetu ditu.

Suteak eragindako kalte natural nabarmenez gain, eta kalte horien balioespen ekonomikorik egin ez bada ere, masa helduen mozketak bi udalen diru sarrerak baldintzatuko ditu datozen urteetan; izan ere, suteak kaltetu duen eta epe laburrean kendu behar den zuragatik sarrerak izan arren, hurrengo urteetan mozketengatiko diru sarrerak murriztuko dira, aurrerago moztuko ziren masak ere ebaki behar baitira.

Nolanahi ere, Mendien Foru Zerbitzuko lantalde teknikoa dagoeneko hasi da lehengoratze-lanak epe laburrean abian jartzeko prozedura; astelehenean bertan, Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakundeekiko Harremanetarako diputatuak lehen bilera izan zuten Balmasedako eta Zallako alkateekin, suteak sortutako egoera aztertzeko.

Mendi Zerbitzuko langileek bigarren bilera bat izango dute laster bi udalerri horietako udaletako arduradunekin, afekzioaren datuak zehaztasun handiagoz helarazteko eta suak kaltetutako zuhaitzak kentzeko ezohiko prozedurak koordinatzeko. Aurreikuspenen arabera, ukitutako azalera lehengoratzeko lanak negu honetan zehar hasiko dira, eta datorren urte osoan eta 2024ko udaberrira arte luzatuko dira. Lan horiek masa gazteek okupatutako lurretan hasiko dira, eta horietan ez da beharrezkoa egurra aurrez kentzea birpopulatzen hasteko.

Suak kalteak eragin arren zuhaiztia hilko ez den lekuetan, ahal diren ale guztiak zutik mantenduko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Suteak argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Balmaseda albisteak Eguneko albisteak Enkartazioak