Gizartea -
Gaztetxea
Gaur hasiko da Kukutzako istiluen inguruko epaiketa
Bi ikasle alemaniarri edukiontzi bat erretzea leporatzen diete eta hiru urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatzen dute horregatik. Defentsak ukatu egin du akusazioa eta absoluzioa eskatu du.
Erredakzioa
Gaur hasiko da Kukutza hustu zutenean sortu ziren istiluen inguruko epaiketa, Bilbon. Tartean bi ikasle alemaniar epaituko dituzte. Edukiontzi bat erretzea leporatzen diete eta fiskalak hiru urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatzen du. Defentsak, berriz, "erabat" ukatu du akusazioa eta absoluzioa exijitu du.
Auzipetuen lagunek Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, bihar, 10:00etan, manifestazioa egingo dute udaletxetik epaitegiraino auzipetuei laguntzeko eta gero kontzentrazioa egingo dute epaitegiaren parean auzi-saioa amaitzen den arte.
Kukutzako ordezkari batzuek bi gutun irakurri dituzte prentsaurrekoan, Berlineko Abokatu errepublikanoen Elkarteak idatzitakoa bata eta Alemaniako parlamentari baten aholkulariarena bestea.
RAV abokatuen elkarteko bi ordezkarik epaiketan parte hartuko dute ikuskatzaile gisa. Gutunean azaldu dutenez, "ageriko arrazoirik izan gabe, epaitegiak segurtasun neurri handiagoak eskatu ditu".
Gainera, "hasieran, epaitegiak errefusatu egin zuen defentsako lekukoek parte hartzea, eta azkenean joan ahal izango dira".
"Kriminalizazioa"
Beste gutun batean, Alemaniako parlamentariaren aholkulariak, parlamentariaren aginduz epaiketan ikuskatzaile lanak egingo dituenak, azaltzen du epaiketa "oso zalantzagarria" dela, ez duela "zilegitasunik" eta ez dela "beharrezkoa".
Era berean, "Estatuak Kukutzaren baitan kokatu zuen jende internazionalista kriminalizatzeko asmoz", uste du aholkulariak, izan ere, "gertakariek eta testigantzek agerian uzten dute ezin izan zituztela delituak haiek egin".