Gizartea -
trafikoa
Bizkaiak neguko bidezaintza plana aktibatuko du, 431 langilerekin eta elurra kentzeko 89 makinarekin
Astearte honetatik apirilaren 30era arte egongo da indarrean plana, 2022-2023 denboraldian.
eitb media
Bizkaiko Foru Aldundiak 2022-2023 neguko bidezaintza plana jarriko du martxan, azaroaren 1etik apirilaren 30era arte. Dispositiboak giza baliabideak eta bitarteko materialak koordinatzen ditu, balizko baldintza txarrei eraginkortasun handiagoz aurre egiteko. 431 langilek, elurra kentzeko 89 makinek eta kontrol zentroei informazio eguneratua eta iraunkorra eskaintzen dieten sareko puntu esanguratsuetan kokatutako sei estazio meteorologikok osatzen dute.
Berritasun moduan, neguko kanpaina honetarako dispositiboak elurra kentzeko lau makina berri eta N-240 errepidean, Barazarren, 900 metro kubikoko edukierako gatza pilatzeko instalazio estali bat ditu. Era berean, bigarren urtez jarraian, Bizkaiko neguko bidezaintza planak datuen analisia txertatu du dispositiboaren kudeaketan, baliabideen erabileran eraginkortasuna handitzeko, kamera sare baten bitartez.
Bizkaimove doako aplikazio berritua erabilgai izango da aurten ere. Azpiegituren arduradunek lurraldeko bide sarea erabiltzen duten pertsonei gomendatu diete bidearen egoerari eta baldintza meteorologikoei buruz uneoro informatuta egotea, eta kontu handiz ibiltzea egoera txarretan gidatu behar badute.
Neguko bidezaintza planak trafikoaren lau baldintza maila jasotzen ditu, galtzadak duen elurraren eta izotzaren arabera. Lau egoera horietako bakoitzean, abiadura mugak, zirkulazio murrizketak edo kate zein pneumatiko bereziekin zirkulatzeko derrigortasuna ezarriko dira.
Era berean, neguko bidezaintza planak hiru lehentasun maila ezartzen ditu galtzada garbitzeko. Hala, 1. mailak etengabeko zerbitzua ezartzen du errepide eta autobide nagusietan, ospitaleetarako sarbideetan eta, adibidez, aireportua edo Bilboko Portua bezalako azpiegituretan zirkulazioa bermatzeko. Maila horretan zirkulazioa bermatuta dagoenean, makinek izotzez edo elurrez garbituko lituzkete lehentasun txikiagokotzat jotako errepideak.