Gizartea -

epaia

Herri epaimahaiak homizidiotzat jo du Pilar Arbulo 75 urteko emakumearen hilketa

Epaiaren arabera, atxilotutako bi gizonek ez zuten emakumea hiltzeko asmorik. Bestela uste zuen Fiskaltzak, eta erailketa egotzita, 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen bi akusatuentzat. Epaia jasota, fiskalak 12 urtera murriztu du eskaera.

Epaiketaren une bat. Artxiboko argazkia: EFE
Epaiketaren une bat.
Epaiketaren une bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilar Arbulo 2019ko maiatzaren 14an indarkeriaz zendutako 75 urteko emakumearen hilketa homizidioa izan zela ebatzi du auziko herri epaimahaiak. Epaiaren arabera, bi akusatuek lesioak eragin zizkioten emakumeari zorroan zeramatzan 120 euroak lapurtzeko, baina ez zuten hura hiltzeko asmorik. Indarkeriaz egindako lapurreta delitua ere egotzi diete bi gizonei.

Epaia jasota, Fiskaltzak bere kalifikazioa eta bi akusatuentzat egindako zigor eskaerak aldatu ditu. Hala, gizonetako bakoitzarentzat 12 urteko kartzela zigorra galdegin du, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delituagatik, lapurreta delituarekin batera eta azpikeria astungarriarekin. Halaber, homizidio delitua barik, epaileak azpikeriaz egindako lesioengatik zigortzen baditu, bost urteko zigorra ezartzeko eskatu du.

Fiskaltzak hasiera batean egindako zigor eskaeraren erdia da hori. Izan ere, fiskalak erailketatzat jo zuen gertatutakoa, eta 25na urteko eskaera egin zuen.

Indarkeriaz egindako lapurretaren delituari dagokionez, Fiskaltzak egindako eskariari eutsi dio, eta bosna urteko zigorra galdegin du. Bi gazteak Espainiako Estatutik kanporatzea eskatu du, gainera.

Defentsak —errugabeak zirela eta, absolbitzeko eskatu zuen epaiketan— 1-4 urteko kartzela zigorra eskatu du zuhurtziagabekeriazko homizidioagatik, eta zigor bera lapurreta delituagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Erailketak