Gizartea -
Krisia dela eta
Avilako gotzainak aparteko ordainsaria Caritasi emateko eskatu du
"Apaizei, fededunei eta borondate oneko pertsonei" egin die proposamena, krisia gehien pairatzen ari diren herritarrei laguntzeko.
Erredakzioa
Jesus Garcia Burillo Avilako gotzainak apaizei, fededunei, laikoei eta borondate oneko pertsonei "elkartasun keinu" bat egiteko eskatu die aparteko ordainsaria Caritasi emateko eskatuz, krisia pairatzen dutenei laguntzeko.
"Avilako Elizak txiroenen alde egiten duela frogatzen duen ageriko keinu bat izango da", adierazi du Corpus Christi eguna dela eta igorri duen eskutitz batean.
Idatzi horretan hedabideetan eta sare sozialetan zabaldutako "Elizaren pribilegioak" deituriko kanpainari erreferentzia egin dio Avilako gotzainak, eta "izaera antiklerikala duen alderdi politikoren batek nahierara bultzatuta" dagoela salatu du. Hala, eskutitzean, alderdi horiek Elizari eskatutakoa zergatik ez duten eurek betetzen galdetu du, halaber, irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuei zergatik ez dieten gauza bera exijitzen azpimarratu du.
Elizak, "egunero erakusten duen legez, ez du pribilegiorik", baina bai "bere ondasunen gaineko zerga salbuespen batzuk, irabazi asmorik ez duten gainerako elkarteek bezala", azpimarratu du.
"Keinu honekin, egunero egiten dugun bezala, Eliza ongiaren alde egiteko dagoela frogatzen dugu, itxaropena helarazten du eta krisiaren ondorio larriei berehala erantzuten die", adierazi du.