Gizartea -
EUSKARA
Batuz Aldatu dinamikak eremu sozialetik politikora eraman nahi du euskararen normalizazioa lortzeko adostasuna
Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatutako Batuz Aldatu dinamikaren baitan, hizkuntza politikaren inguruan adostasun politikoa lortzeko lanean ari den talde eragilea aurkeztu dute gaur Donostian.
XABIER URTEAGA | EITB MEDIA
Euskalgintzaren Kontseiluak abian jarritako Batuz Aldatu dinamikak "eremu sozialean lortutako adostasuna eremu politikora eramateko modua" aztertzeko talde eragilea eratu du.
Kontseiluak eta Euskal Herriko 13 eragilek osatutako talde horrek jorratuko du euskararen inguruko adostasun eta aliantza berriak politikaren mundura eramateko bidea.
Iazko ekainean hasi zuen bidea Batuz Aldatu dinamikak. Ehundik gora eragilek hizkuntza politiketan eragiteko dokumentua adostu zuten. Oinarrian, ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara erabiltzeko eremuen sorrera eta saretzea.
Donostian egindako Batzar Nagusian hurrengo urratsari ekin diote: adostasun soziala adostasun politiko bihurtzeko jauzia nola egin behar den zehaztea. Hamalau kidek osatutako talde eragileak izango du horretarako ardura. Taldean daude, besteak beste, AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Fundazioa, Euskal Herriko Laborantza ganbara, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa.
Hizkuntzaren normalizaizo prozesuak eragile guztiei eragiten diela abiapuntu hartuta, Euskal Herri osoa ordezkatuko duen talde anitza osatzea izan da Kontseiluaren nahia. Epe zehatzik gabe arituko dira lanean talde eragileko kideak eremu sozialean lortutako adostasuna eremu politikora nola eraman behar den aztertzeko.