Gizartea -
Bide-segurtasuna
Zigorra gogortu nahi dute, autoan haurrentzako aulkia ez dutenentzat
Autoan beren seme-alabak segurtasun sistema egokiarekin ez eramateagatik hiru aldiz zigortzen dituzten gurasoak adingabeen fiskalaren esku utziko dituzte. Gurasoei tutoretza kentzea erabaki lezakete.
Erredakzioa
Autoan beren seme-alabak segurtasun sistema egokiarekin ez eramateagatik hiru aldiz zigortzen dituzten gurasoak adingabeen fiskalaren esku utziko dituztela iragarri du astearte honetan Bartolome Vargas bide-segurtasunerako fiskal orokorrak.
Horrela, adingabeen fiskalak aztertuko luke haur horiek babesteko neurriak behar diren, zainketa egitea egokia den eta gurasoei tutoretza kentzea beharrezkoa den.
Trafiko agintariek 'behin baino gehiagotan' segurtasun arauak betetzen ez dituzten gurasoen inguruko txostenak bide-segurtasunerako fiskal orokorrari bidaltzea aginduko dute, horrek adingabeen fiskalari igorri diezaion, eta hark erabakiko dezan zein neurri hartu.
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, 2010ean Estatuan 79 haur hil ziren zirkulazio istripuz; 2009an baino 19 gehiago.
Haurrek jasan dituzten zirkulazio istripu horien inguruko nondik norakoak aztertzeko, 14 urtetik beherako umeak biktima izan diren 67 istripu ikertu dituzte, eta lan horren berri eman du Vargasek.
Txostenaren arabera, adingabeen % 15 ibilgailuko beste pertsona batek zapalduta hil ziren, eta % 36 ibilgailutik bota zituen istripuak eragindako kolpeak.
Fiskaltzak aztertutako kasuen % 46k ez zuen haurrentzako segurtasun neurririk istripuaren unean, eta, segurtasuna zutenen % 18k bakarrik zerabilen modu egokian.
Vargasek argitu duenez, taxietan eta hiriguneetako autobusetan ere 3 urtetik beherako adingabeentzat segurtasun sistema egokiak egotea beharrezko izatea eskatuko dute.