Gizartea -
Gipuzkoan
13 urteko kartzela-zigorra, 14 urteko neska bat bortxatzeagatik
Akusatua neskaren familiaren etxebizitzan bizi zen. Urte eta erdiz aritu zen neska bortxatzen, hilean behin gutxi gorabehera. Denborak aurrera egin ahala, erasoen maiztasuna handitzen joan zen.
Erredakzioa
13 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, 14 urteko neska bat urte eta erdi bortxatzen aritzeagatik. Akusatua neskaren familiaren etxebizitzan bizi zen, Gipuzkoa barnealdeko herri batean.
Epaiak jasotzen duenez, 2008an hasi ziren bortxaketak. Orduan 24 urte zituen akusatuak, eta, neska etxean bakarrik geratzen zenenan, hura hartu, bere logelan sartu eta bortxatu egiten zuen. Oihu egiten bazuen edo erasoa gelditzen saiatzen bazen, bere ama hilko zuela esan zion gizonak mehatxa gisa. Halaber, bere familiatik ''betiko'' urrunduko zuela ere esan zion.
''Gertatutakoa kontatzen baldin bazuen'', ahizpari ere gauza bera egingo ziola esanez ere mehatxatu omen zuen neska, eta amari neskak nahita egin zuela esango ziola esan zion, epaiaren arabera.
Mehatxuen ondorioz, 14 urteko neskak ez zion inori erasoen berri eman, eta urte eta erdiz aritu zen gizona neska bortxatzen. Gainera, denborak aurrera egin ahala, erasoen maiztasuna handitzen joan zen.
2010ean, neskak sexu-harremanak izateari uko egin zion, eta, erasotzaileari besoan haginka egin ondoren, ihes egitea lortu zuen.
Epaiketan, sexu-harremanak onartuak izan zirela esan du akusatuak, baina, hainbat ''kontraesan'' harrapatu omen dizkiote.
13 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote, eta 23 urtetan ezin izango da ez harekin harremanetan jarri ezta harengana gerturatu. Gainera, 50.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio.