Gizartea -

Gipuzkoan

85.000 litro gasolina lapurtzeagatik atxilotu dituzte

Taldea deseginda Gipuzkoa eta Arabako gasolindegietan egin diren bederatzi lapurreta argitu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu ustez Gipuzkoa eta Arabako hainbat gasolindegitan 85.000 litro gasolina lapurtzea leporatuta, Herrizaingo Sailak adierazi duenez. Nafarroan gertaturiko zenbait kasutan ere inplikatuta egon daitezkeela azaldu du.

Taldea garraio sektoreko enpresari bik eta beste hiru pertsonak osatzen zuten, eta orain dela hilabete batzuetatik ziharduen. Lezoko eta Zestoako gasolindegietan lapurreta egin ondoren jarri zen Ertzaintza horien atzetik.

Kasu guztietan berdin jokatzen zuten: taldeak kamioi bat lapurtzen zuen, Villabonako industrialdeko pabiloi batera eramaten zuten, eta 1.000 litroko edukierako plastikozko edukiontziak kargatzen zituzten bertan.

Lapurtutako kamioian eta beste ibilgailu bitan, zerbitzugune bateraino joaten ziren, eta bertako bideo-zaintza sistemak deskonektatu ondoren, lurpeko erregai-deposituak ireki egiten zituzten.

Xurgatze ponpa bati konektaturiko mangera batzuen bidez, edukiontziak gasolinaz betetzen zituzten, eta Villabonako pabiloira bueltatzen ziren. Bertan, gasolina biltegiratu eta edukiera gutxiagoko bidoi batzuetan sartzen zuten.

Taldea deseginda Gipuzkoa eta Arabako gasolindegietan egin diren bederatzi lapurreta argitu dituzte, Ertzaintzaren arabera. Baliteke taldea Nafarroako lapurreta batzuetan ere inplikatuta egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea