Gizartea -
Jatorrizko deitura
Txakolin ekoizleen interesei 'traizio' egitea leporatu diote Quirogari
EAk salatu duenez, ''txakolina edo chacolia izen berdinarekin merkaturatzen diren Gaztela eta Leongo eta Kantabriako ardoekin batera salgai egotea'' defendatu du Quirogak.
Erredakzioa
Juanjo Agirrezabala EAko talde parlamentarioko bozeramaileak txakolin ekoizleen interesei 'traizioa' egitea leporatu dio Arantza Quirogari.
Eusko Legebiltzarreko presidenteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekoizleen ''legezko interesei traizioa'' egin izana salatu du, Zamoran, jendaurrean, ''txakolina edo chacolia izen berdinarekin merkaturatzen diren Gaztela eta Leongo eta Kantabriako ardoekin batera salgai egotea'' defendatu duelako Quirogak.
EAren hitzetan, txakolinaren jatorrizko deitura euskal ekoizleei bakarrik dagokie, eta Gaztela eta Leonen eta Kantabrian izen horrekin merkaturatzen diren ardoekin iruzur egiten ari dira.
Agirrezabalak azpimarratu duenez, ''Euskadin ekoiztutako txakolina bakarrik merkaturatu daiteke legalki izen horrekin'', eta, beraz, ''sinestezina da Quirogak ardo horien konkurrentzia desleiala onartzearen alde egitea''.