Gizartea -
ERASOA
Gizon bat atxilotu dute Hernanin, beste bat larri zauritzeagatik
Biktima ospitalera eraman dute sabelean eta gorputzaren alde batean zauri larriak zituelako. Aurrekari penalak dituen 29 urteko gizona da atxilotua.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
29 urteko gizon bat atxilotu dute Hernanin, lesio-delitu bat egotzita, beste gizon bati arma zuriz eraso egiteagatik. Biktima ospitalera eraman behar izan dute, sabelean eta albo batean zauri larriak zituelako.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, larunbateko 00:15 aldera gertatu da erasoa Hernaniko Alde Zaharreko ostalaritza-lokal baten inguruan. Lokalaren barruan eztabaidan hasi eta kalean jarraitu du liskarrak. Bertan, labanaz eraso egin dio gizonetako batek besteari, lekuko batek Ertzaintzari jainarazi dionez.
Zauritua lekuan bertan artatu ondoren, anbulantzia batek ospitalera eraman behar izan du biktima.
Erasotzailea ostalaritza-establezimendura sartu da odoletan zituen eskuak garbitzeko, eta horri esker, identifikatu eta handik gutxira atxilotu ahal izan dute, etxetik gertu.
Atxilotua, aurrekari penalak dituen 29 urteko gizonezkoa, ertzain-etxera eraman dute eta laster epailearen esku utziko dute.