Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Giro bustia, goibela eta tenperatuak behera
Igande lainotua izango dugu eta giroa epela izango da. Eguerdi partean haizea aldatu egingo da eta euria egingo du, batez ere Kantauri isurialdean.
Erredakzioa
Igandean freskatu, eta euria egingo du. Aurreko egunetan baino euri gehiago egingo du, eta bereziki Kantauri isurialdean. Goizean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, baina eguerdi aldera mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, kostaldean bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak 20-22 gradu artekoak izango dira.
Astelehenean ere euria egingo du. Zeruan hodeiak gailenduko dira, eta tarteka zaparradak botako ditu, bereziki arratsaldean eta Kantauri isurialdean. Gainera, arratsaldean eta gauean noizbehinka trumoi-ekaitzak izan daitezke. Tenperatura maximoak 20 graduren bueltan geratuko dira.
Astearterako ez dugu aldaketa handirik espero. Hodei ugarirekin jarraituko dugu, arratsaldean batez ere, eta zaparradak botako ditu, sarriago Kantauri isurialdean. Tenperatura maximoek jaisten jarraituko dute: 18-20 gradu artean geratuko dira leku askotan.