Gizartea -

Obrak

Horrela geldituko da Bilboko Lehendakari Agirre etorbidea obrak amaitu eta gero

Egoteko guneak dituen pasealeku bat, noranzko biko bidegorria eta landaretza protagonista izango da: hurrengo 15 hilabeteetan Lehendakari Agirre etorbidea obretan egongo da oinezko itxura izan dezan.

Argazkia: Bilboko Udala
Argazkia: Bilboko Udala
Argazkia: Bilboko Udala

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak gaur hasi ditu Lehendakari Agirre Etorbidea berritzeko obrak. Horiek Done Petri plazan egin zirenen jarraipena dira eta hamabost hilabeteko iraupena izango dute. Aldaketen helburua kaleari oinezko itxura ematea da, eta horretarako landaretzari protagonismo handia emango diote. Etorbidea Don Bosco biribilgunetik Done Petri plazaraino aldatuko da.

Egingo diren aldaketak

Kalearen egungo sekzioa birplantatuko da, bide-zoruak eta zoladura berrituko dira. Modu horretan, bidearen erdiko mehelina kenduko da, errei kopurua murriztuko da eta espaloiaren zabalera handituko da.  Zenbaki bakoitien aldean noranzko biko bidegorri bat sartuko da.

Gainera, pasealeku bat egingo da, ibilbide osoan egoteko lekuak edukiko dituena, eta berdegune eta landare gehiago jarriko dira bidearen eta pasealekuaren artean.

Espaloietan, Bilbao motako baldosazko zoruak erabiliko dira, eta zintarria granitoz egingo da. Pasealekuan izaera nobleagoko akabera bat planteatzen da, lorategi baten antza duena eta egoteko giro atseginagoa sortuko duena. Horregatik, granitozko galtzada-harriz egindako zoladura bat jartzea pentsatu da.

Zebra-bideetarako, sestra-aldaketetarako edo espaloiko ibilgailu-pasabideetarako, erliebea duten baldosak jarriko dira.

Zuhaitzei dagokienez, orain daudenak ordeztuko dituzte segurtasun-neurriengatik. Guztira 128 kendu eta 125 berri jarriko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Zer gertatzen ari da Bilbon? Gaurko albisteak Bizkaia EAE Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Deustori buruzko albisteak