Gizartea -

Hiesa

Hiesa, 80ko hamarkadako amesgaiztotik urrun, prebentzioari, diagnostiko azkarrari eta tratamenduari esker

Tratamenduan egindako aurrerapauso handiek gaixoen bizitzak izugarri hobetu dituzte, eta hiesa kroniko bihurtu dute. Aurreko urtean, 25 hies kasu identifikatu ziren EAEn, 1994ko datuetatik oso urruti.

Gero eta hies kasu gutxiago.
Gero eta hies kasu gutxiago.
Gero eta hies kasu gutxiago.

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiesa 1980ko hamarkadako amesgaiztoa izatetik urrun dago. Garai batean komunitate homosexualaren estigma ekarri zuen gaixotasuna bestelakoa da gaur egun. Ospatzekoak dira prebentzioan, diagnosian eta tratamenduan gertatu diren iraultza txikiak.

Batetik, prebentzio neurriak orokortu dira; batez ere, sexu harremanetan preserbatiboa erabiltzea. Bestetik, infekzioen diagnosi azkarra egiten da. Eta, edozer gauzaren gainetik, tratamendu arrakastatsuek egoera irauli dute.

Guztiari esker, urtero GIBaz kutsatzen direnak gero eta gutxiago dira. Pandemiaren harremanik gabeko urtea kenduta (105 kasu diagnostikatu ziren), estabilizazio puntu batera heldu da kasu berrien kopurua. Urtean, 150 bat izaten dira. Bilakaera oso esanguratsua da, baina are garrantzitsuagoa da hiesa garatzen duten pertsona kopuruarena.

Egun, Giza Immunoeskasiaren Birusaz (GIB) kutsatu ostean garatzen den Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea (hiesa) ez da hilkorra, gaixotasun kronikoa baizik.

Antonio Arraiza EAEko Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren arduradunak azaltzen duenez, kasu gehienak GIBak oraindik sintomarik eragin ez duenean atzematen dira, eta tratamenduari esker lortzen da kutsatutakoek karga biriko negatiboa izatea. Horrela, gaixotasuna erabat kontrolpean mantenduko dute, eta ez dute beste inor kutsatuko.

Zer aldatu da hiesean azken hamarkadetan?
Zer aldatu da hiesean azken hamarkadetan?
Zer aldatu da hiesean azken hamarkadetan?

1:40

Sexua da oraindik GIBaz kutsatzeko biderik ohikoena. Zehazki, atzematen diren kasu gehienen jatorria bi gizonen arteko sexu harreman bat izaten da. 2021ean, kasuen % 55,5 transmisio homosexualarekin lotuta zeuden. Gutxiago izan ziren harreman heterosexual batekin lotutako kasu berriak (% 39,5), eta are gutxiago, garai batean nagusi ziren droga injekzioen bidezko kutsatzeak (% 3,4).

Esan bezala, GIBa harrapatu eta urte batzuetara hasten da hiesa kutsatutako pertsonaren gorputza gaixotzen. Momentu horretan diagnostikatzen dira, hain zuzen, hies kasu berriak, sintomak agertu eta gero. Egoera horretan, argazkia bestelakoa da, eta gehiago izaten dira harreman heterosexualekin lotutako kutsatzeak. Drogen injekzioen pisua, gainera, nabarmen handiagoa da.

Hasierako egoeran (GIB) eta ondorengoan (hiesa) egindako diagnostikoen argazkia, zergatik da hain desberdina? Arraizak azaltzen duenez, beste gizonekin sexua izaten duten gizonen kontzientziazio handiagoak prebentzioari eta diagnostikoak garaiz egiteari laguntzen die. Gaixotasuna garatzen duten pertsonen profila, ordea, sektore ahulekin dago lotuta.

GIBaz kutsatzen denaren eta hiesa garatzen duenaren profila ez da berdina
GIBaz kutsatzen denaren eta hiesa garatzen duenaren profila ez da berdina
GIBaz kutsatzen denaren eta hiesa garatzen duenaren profila ez da berdina

1:28

Infekzioak mozteko bidean, modurik seguruena sexu harremanetan kondoia erabiltzea da. Baina badago beste bide eraginkor bat, GIBaz kutsatzeko arrisku handia duten pertsonentzat zuzendua: esposizio-aurreko profilaxia, EAP delakoa (gaztelaniaz, PrEP izenarekin ezagunagoa).

2019 amaieran jarri zen martxan programa. Arraizak helarazitako datu eguneratuen arabera, EAEn 550 bat pertsonak hartzen dute medikamentua: Tenofovir disoproxilo eta Entrizitabina dituen pilula bat egunean. Espainiar Estatuan, Osasun ministerioak abuztuan publiko egindako datuen arabera, 13.000 pertsonatik gora hartzen dute. Arraizaren arabera, zenbaki onak dira, programa arrakastatsua izaten ari delako, baina ez da oso ezaguna.

Kutsatzeak gelditzeko modu bikaina da, GIB negatiboek negatibo jarraituko dutelako, eta, gainera, ziurtatuko dutelako balizko birusa ez diotela beste inori transmititzen. Beste aurrerapauso handi bat XX. mendeko pandemia desagerrarazteko bidean.

Egunero pilula bat hartu GIBaz ez kutsatzeko, zer da esposizio-aurreko profilaxia?
Egunero pilula bat hartu GIBaz ez kutsatzeko, zer da esposizio-aurreko profilaxia?
Egunero pilula bat hartu GIBaz ez kutsatzeko, zer da esposizio-aurreko profilaxia?

1:23
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Osasun albisteak gaur