Gizartea -

''Bai bakarrik da bai'' legea

Gorenak Arandina auzia aztertuko du, "Bai bakarrik da bai" legearen polemika betean

Lehen aldia da Auzitegiak sexu erasoekin lotutako kasazio helegiteak aztertzen dituena. Dena dela, iturri juridikoen hitzetan, kasu honen gakoa zigortutako hiru gizonen eta biktimaren artean dagoen "adin gertutasuna" aringarria ote den da.

Gorena, artxiboko argazki batean. EITB Media
Gorena, artxiboko argazki batean.
Gorena, artxiboko argazki batean. EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Bai bakarrik da bai" legearen aplikazioa eztabaidagai den honetan, Auzitegi Gorenak Arandina auziaren inguruko kasazio errekurtsoak aztertuko ditu gaur. Auzia oso polemikoa izan zen bere garaian, 15 urteko neskato bati sexu erasoa egiteagatik Burgosko Auzitegiak Arandina futbol taldeko (Burgos) hiru jokalari ohiri ezarritako zigorra nabarmen jaitsi zuen Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak, erasoa barik, sexu abusua izan zela ulertuta.

Fiskaltzak —zigorra 10 urtera igotzea eskatu du—, akusazio partikularrak eta herri akusazioak —biek ala biek 38 urte eskatu dituzte— eta zigortutako bi gizonen defentsak —absoluzioa galdegin dute— aurkeztutako kasazio helegiteak izango ditu mahai gainean Gorenak, baina ez dago argi epaia gaur jakinaraziko ote duen.

Sexu Askatasuna osotasunean bermatzeko Lege berria, "Bai bakarrik da bai" izenaz ezaguna, indarrean denetik Gorenak aztertzen duen lehen kasazio helegitea da. Dena dela, iturri juridikoek zehaztu dutenez, kasu honetan gakoa beste hau da: auzipetuen (19, 22 eta 24 urtekoak) eta biktimaren (15 urte) artean dagoen "adin gertutasuna" aringarria den.

Era berean, Kanarietan, Andaluzian eta Gaztela Mantxan izandako beste sexu eraso batzuen kontrako kasazio helegiteak ere izango ditu aztergai Gorenak. Joan den astean, Balear Uharteetan jazotako beste bat aztertzen hasi zen.

Fiskaltzak zigorrak handitzea eskatu zuen

Lege berriak Arandina auziko bi zigortutakoei ezarritako zigorrak handitzeko aukera ematen zuela ebatzi zuen joan den astean Fiskaltzak. Hain zuzen ere, iritzi du Carlos Cuadrado Lucho eta Victor Rodriguez Viti jokalari ohiei 4 eta 3 urteko zigorrak barik, 10 urtekoak ezarri ahal zaizkiela.

Azaldu zuenez, sexu abusuaren delitua ezabatu zuen "Bai bakarrik da bai" lege berriak. Gainera, 16 urtetik beherako adingabearen aurkakoak sexu delitutzat jo zituen, eta delitu horrentzat 6-12 urteko zigorrak aurreikusi. Horrenbestez, 10 urteko zigorra eskatzea bazegoen Arandina auzian.

Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak, ordea, larderia egon zela zalantzan jarri zuen, eta sexu abusutzat jo zituen gertakariak, biktimak eta zigortutakoek antzeko adina (neskaren eta gizon nagusienaren artean ia 10 urteko aldea dagoen arren) zutela aringarritzat jota.

2019ko abenduan, Burgosko Auzitegiak 38na urteko kartzela zigorra ezarri zien Arandinako hiru jokalari ohiri, 2017an adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita. Ondoren, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak horietako bat absolbitu zuen, eta beste biren kontrako zigorrak murriztu zituen, sexu abusu delitu baten erantzule zirela iritzita, eta ez erasorena. Gainera, aringarri bat ezarri zien auzipetuen eta biktimaren adinen hurbiltasunagatik eta heldutasunagatik. Bere garaian, epaia Auzitegi Gorenean errekurritu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa