Gizartea -
''Bai bakarrik da bai'' legea
Gipuzkoak ofizioz berrikusiko ditu sexu erasotzaileei ezarritako zigorrak, egungo araua gainditzen dutenean
"Izapidetzen ari diren prozeduretan eta errekurtsoaren zain daudenetan akusatuaren aldeko legerik mesedegarriena" aplikatuko dela erabaki du.
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoako Auzitegiak erabaki du ofizioz berrikusiko dituela sexu askatasunaren aurkako delituekin lotutako kondena irmoak, baldin eta bere momentuan ezarri zen zigorra oraingo legeak ezarritako gehieneko zigorra baino handiagoa edo larriagoa bada. Dagoeneko instantzia judizial horretako bi sekzio penala hori egiten ari dira.
Epaileek esan dutenez, sexu askatasunaren berme integralerako lege organikoak "tipo penalen konfigurazio berri bat" finkatzen du, "xedapen iragankor espezifikorik ez duena, eta horrek ziurgabetasun egoera sortzen du arau penalaren interpretazioan".
Hori dela eta, "izapidetzen ari diren prozeduretan eta errekurtsoaren zain daudenetan akusatuarentzat mesedegarriena den legea" aplikatuko dela erabaki du.
Bizkaian, bigarren berrikuspena
Bizkaiko Auzitegiak, bestalde, bi urte murriztu du sexu erasotzaile bati ezarritako zigorra, egungo legea aplikatuz. Beraz, bete beharreko zigorra lau urtekoa izango da, eta ez seikoa. Bizkaian horrelako auzi baten bigarren berrikuspena da.
Fiskaltza eta akusazio partikularra berrikuspenaren aurka agertu diren arren, Bizkaiko Auzitegiak uste du bidezkoa dela kondena beherantz berrikustea, erregulazio berriaren atzeraeragina aplikatu behar delako, "zenbait manutan zigor tarte berriak sartzen dituelako, eta sexu askatasunaren aurkako hainbat jokabiderengatik ezarri beharreko zigorren gutxieneko eta gehieneko mugak murrizten dituelako".