Gizartea -

Kontseiluak 25 urte

Euskara biziberritzeko "adostasunean sakontzea" bilatuko du Eskisabelek

Euskalgintzaren Kontseiluak 25. urteurrena ospatu du Durangon, sortu zen egun eta toki berean. Idurre Eskisabel idazkari nagusi berriak adostasunetan sakontzeko asmoa adierazi du bere lehen hitzartzean.

Idurre Eskisabel eta Paul Bilbao, gaur Durangon. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua
Idurre Eskisabel eta Paul Bilbao, gaur Durangon
Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusi berria

01:19

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mende laurdena bete du Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune handienak, eta sortu zen egun eta toki berean ospatu du urteurrena: Durangon. Ospakizuna berezia izan da, 25 urteko bidean egindako lana azpimarratzeko ez ezik, idazkari nagusi karguaren eskualdaketa irudikatzeko ere baliatu dutelako. Hala, Idurre Eskisabel EHUko irakasleak hartu du Paul Bilbaok 12 urtez bete duen kargua.

Bere lehen hitzartzean, Eskisabelek esker onak eman nahi izan dizkio "genealogia euskaltzaleari, euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garaietan ere ez ziolako etsi, baita egun euskara itsaso zabal bat izan dadin arloz arlo lan egiten duten pertsona guztiei ere".

Idazkari nagusi berriak azpimarratu duenez, "euskaraz zerbait behar badu, hori politika da, letra larriz idatzitako politika. Diferentzien gainetik interes orokorrean, euskararen biziberritzean begirada jartzeko gai izango dena". Adostasun politiko horiek lortzea izango dela bere helburua ziurtatu du.

Egungo hizkuntza politikek "behar duten jauzia bultzatzeko", "adostasunean sakontzea" bilatuko duela esan du: "adostasuna euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, adostasuna instituzioekin, eta adostasuna beren burua euskalgintzatik eta euskaratik urruti ikusten duten arren, bizikidetza, justizia eta kohesio soziala helburu dituztenekin ere. Euskararen biziberritzea justizia eta kohesio sozialari muin-muinean lotzen zaio kuestioa baita". 

Itsasoaren metafora erabili du EHUko irakasleak, eta euskalgintzarentzat ezagunak diren itsasoez aritu da, eta oraindik ezagutu beharrekoez.

Durangoko San Agustin Kultur Gunean egin den ekitaldian, Paul Bilbaok ere hitz egin du, eta "Kontseiluan sinesten jarraitzeko deia egin du, horrek ahalbidetuko duelako "euskararen normalizazio-prozesua bizkortzea". Halaber, auzitegietatik etorriko diren oldarraldi judizialei "modu bateratuan" erantzuteko eskatu du.

Gizarteko ordezkaritza sozial, sindikal eta politiko zabala bildu da Durangoko ekitaldian. Castillo Suarez idazle eta euskaltzainaren olerki errezitaldiak eman dio hasiera ospakizunari, eta Eñaut Elorrietaren emanaldiarekin amaitu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gizartea Eguneko albisteak Durango Albisteak Kontseilua