Gizartea -
Krisia Osakidetzan
"Astelehenean hasiko da elkarrizketa, gure asmoa eraikitzea da", diote Donostialdeko ESIko profesionalek
Ostiral goizean, ESIko 100 bat profesionalek, tartean hainbat zerbitzuburuk, atalburuk, medikuk eta erizainek, batzar nagusia egin dute. Astelehenean, Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Perezekin bilduko dira.
EITB MEDIA
Donostialdeko ESIko profesionalek, ostiralean, Donostia Ospitalean batzar nagusia egin ostean eta astelehenean Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin izango duten bilerari begira, adierazi dute egun horretan, astelehenean, "elkarrizketa" hasiko dela, eta nabarmendu dute euren asmoa "eraikitzea" dela. Batzar nagusian 100 bat profesional izan dira, tartean hainbat zerbitzuburu, atalburu, mediku eta erizain, eta, adierazi dutenez, "zantzuak" ikusi dituzte, Osakidetzaren aldetik: "Horregatik gaude hemen. Astelehenean, asmoa da hitz egiten hastea, eta denon artean irtenbide bateratua bilatzea", esan dute.
Testuinguru horretan, Miren Telleria Donostia Ospitaleko Hemodinamika eta Kardiologia jarduneko atalburuak azaldu du ESIko profesionalen nahia ez dela "suntsitzea, baizik eta, hemendik aurrera, gauzak elkarrekin aurrera eramatea". Osakidetzarekin, "oraindik, ez dugu ezer adostuta", esan du, astelehenean hasiko baitira hitz egiten.
Aldarriak "hasiera batetik esandakoak" izango dira, azpimarratu duenez. "Itxaropena ez da inoiz galtzen, ikusiko dugu. Asmo ona daukagu", gehitu du.
Batzarrean izan diren eta astelehenean Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eseriko den ordezkaritzarekin bat dauden profesionalei, Telleriaren esanetan, bi kontu aurpegiratu dizkiote, eta atalburuak ezeztatu nahi izan ditu; alde batetik, mugimendu "elitista" izatea: "Gaur 100 bat pertsona elkartu gara; zerbitzuburuak zeuden, atalburuak, ondokoak, erizainak. Denon arteko gauza da", argudiatu du. Horrez gain, ziurtatu du ez dela "zerbitzuburuek boterea erakartzeko" kontua: "Besteak beste, eskatzen dugu gardentasuna; Osakidetzari eskatzen diogu, eta geure buruari ere bai. Eskatzen dugu zerbitzuburuek eta gainerako karguek ebaluazioa jasotzea, Zuzendaritzaren eta lankideen aldetik, eta, horren arabera, karguan jarraitzea, ala aldatzea".
Esan duenez, langileen artean "batasuna" dagoelako sentsazioa dute: "Eta, betiere, kalitatezko arreta bermatzea, hori da gure lehenengo aldarria Donostialdeko ESIan eta Gipuzkoan", erantsi du.
ESIko profesionalak eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia astelehen goizean bilduko dira, 08:00etan, Donostia Ospitalean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, topaketaren helburua da "ospitaleko gerentzia aldaketaren ondoren ezarritako elkarrizketa prozesuan aurrera egiten jarraitzea. Gerentzia berriak bere erantzukizuna hartu zuen une beretik, hainbat bilera egin ditu ESIko eta Osakidetzako ordezkariekin, konfiantza, elkarrizketa eta lan koordinatuko giroa sortzeko".