Gizartea -
Eskaintza turistiko berria
Sagardunek marka berria sortu du: ‘Sagardoaren Lurraldea’
Sagarduneko presidenteak, Andoni Gartziak, marka berriak euskal sagardoarekin loturiko eskaintza turistikoa integratu eta sustatuko duela azaldu du.
Erredakzioa
Sagardunek, Euskadiko sagardotegien kultura promozionatzen duen elkarteak, ‘Sagardoaren Lurraldea’ marka berria sortu du. Marka honen produktu nagusia “Sagardoa eta itsasoa” esperientzia izango da eta euskal sagardoarekin lotutako eskaintza turistikoa sustatzea du helburu.
Sagarduneko presidenteak, Andoni Gartziak, prentsaurrekoa eman du gaur Donostiako Aquariumen, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko presidentearekin, Vicente Zagüetarekin, eta Albaolako presidente Xabier Argoterekin batera, eta marka berriak euskal sagardoarekin loturiko eskaintza turistikoa integratu eta sustatuko duela azaldu du.
“Sagardoaren Lurraldea” Euskadiko eta, bereziki, Gipuzkoako eskaintza turistikoa indartzen saiatuko da: “Lurraldeko ekonomia garatzen lagunduko du, sagardoaren sektorean eta enplegua sortuz”.
Turismoaren sektorean Internetek duen garrantzia kontuan hartuz, Sagardunek www.sagardoarenlurraldea.com webgunea sortu duela azaldu du Gartziak. Bertan, esperientzia turistikoak erreserbatu daitezke, Euskal Herri osoko sagardotegiak bilatu edota sagardoa online erosi.