Gizartea -
Sansoheta auzia
15 urte arteko kartzela zigorrak 10 akusatuetatik 9ri, Sansoheta auziko adingabeei abusuak egiteagatik
Guztira 10 pertsona zeuden auzipetuta, eta horietatik bat salbuetsi du epaileak. Gainerako 9ak zigortu dituzte, kasu guztietan ikusi baitute delituren bat. Zigorrak, baina, ezberdinak dira akusatu bakoitzarentzat, urtebete eta 15 urte artekoak.
EITB MEDIA
Arabako Auzitegiak Gasteizko Sansoheta zentroko 10 akusatuetatik 9 kondenatu ditu, 15 urterainoko kartzela zigorrekin, abusu, eraso eta ustelkeriagatik, eta horietako bat absolbitu egin du. Gogoratu behar da gertakariaren unean zazpi biktimetatik bi Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapeko adingabeak zirela.
Epaiketa irailaren amaieratik urriaren hasierara izan zen. Akusatuen aulkian eseri ziren hamar lagunetatik lauk onartu egin zituzten gertakariak, Fiskaltzarekin eta beste akusazioekin egindako itunen ondorioz, azken zigorra ahalik eta txikiena izan zedin, nahiz eta bi kasutan beste arrazoi batzuengatik aurretik preso egon.
Orain, Justiziak frogatutzat jo ditu adingabeen etengabeko ustelkeria, sexu abusua eta sexu erasoa, horietako bederatzirentzat.
Epaiaren arabera, urtebete eta 15 urte arteko kondena zigorrak dira bederatzirentzat. Bat, ordea, absolbitu egin dute. Auzitegiak delitu "jarraituak", 16 urtetik beherako gazteen aurkako erasoak (zigorra larriagotzen du horrek) eta pornografiaren edo drogen kontsumoaren erakustaldiak atzeman ditu.
Kasuak 2016ko azaroan egin zuen eztanda, orduan jakin baitzen Ertzaintza hainbat gizon ikertzen ari zela tutoretzapeko adingabeekin sexua izateagatik, Gasteizko Sansoheta zentroko zuzendariaren salaketa bat jaso ondotik.