Gizartea -

Gertakaria

Hiru pertsona atxilotu dituzte Donostian, gizon hernaniar bat hiltzea egotzita

Hernaniko 24 urteko gizon bat labanaz hil dute Eguberri goizean Donostiako Okendo plazan, bi talderen artean izandako borroka batean. Hiru pertsona atxilotuta daude.

Erasoa izan den tokia, Okendo plazan.
Erasoa izan den tokia, Okendo plazan.
Bi koadrillen arteko liskarrean erail dute, Donostian, 24 urteko gazte hernaniarra

01:32

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru lagun atxilotu dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Donostian, 24 urteko gizon hernaniar baten hilketan zerikusia dutelakoan.

Biktima 06:20an topatu dute Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko Okendo plazan, arma zuriz zaurituta. Osasun langileak bertaratu dira, baina gizona lekuan hil da.

Ordubete beranduago, hilketarekin lotutako bi pertsona topatu ditu Udaltzaingoak Hondarribia kalean. Ertzaintzak biak atxilotu ditu, 20 urteko emakumezko bat eta 26ko gizonezko bat, Hondarribia kalean. Ondoren, 24 urteko beste gizon bat atxilotu dute, bere burua aurkeztu ondoren, Donostian.

Antza denez, erasoa Victoria Cafetik irtetean gertatu zen, elkarren artean ezagunak ziren bi talderen arteko borroka bortitz baten testuinguruan.

Gaztearen gorpua 11:30 aldera altxatu dute, eta Donostiako Auzitegiko Institutura eraman dute autopsia egitera. Ertzaintzak ingurua hesituta izan du hainbat orduz. Goizean zehar, karpa bat jarri, eta frogak bildu ditu, gertatutakoa argitzen saiatzeko. Besteak beste, odola topatu du Victoria kafetegian, baita zapatila beltz bat ere plazan.

Atsekabea

Hilketak atsekabe handia eragin du hirian eta hildakoaren jatorrizko udalerrian.

Eneko Goia Donostiako alkateak argi utzi duenez, "portaera larri horiek ez dute tokirik gure hirian, eta ez dugu horrelako jenderik nahi gure artean". Atsekabea adierazi du eta "doluminak eta elkartasuna" adierazi dizkio sendiari.

"Bidegabekeria honen arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela lehenbailehen", gehitu du.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak "gure saminik beroena" helarazi die hildakoaren familiari eta gertukoei. "24 urteko pertsona batek bizitza modu honetan galtzea justua ez dela argi dago", esan du, eta "une gogor honetan" Udalaren babesa adierazi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa