Gizartea -

Donostiako krimena

Epaileak atxiloaldia luzatu die hiru atxilotuei

Epaileak deklaratu gabe ertzain-etxera bueltan bidali ditu. Hilketa gaitzesteko elkarretaratze isila egin dute eguerdian, Donostiako Alderdi Ederren.

Erasoa izan den tokia, Okendo plazan. Argazkia: EFE
Erasoa izan den tokia, Okendo plazan. Argazkia: EFE
Lukas Agirreren hilketagatik atxilotutako hiru pertsonen atxiloaldia luzatu du epaileak

1:32

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24 urteko gizon hernaniar baten hilketan ustez zerikusia izateagatik Donostian atxilotutako hiru pertsonak epailearen esku utzi dituzte gaur. Epaileak, baina, atxiloaldia luzatu die hiru atxilotuei eta deklaratu gabe ertzain-etxera bueltan bidali ditu.

Biktima Eguberri egunean, 06:20an, topatu zuten Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko Okendo plazan, arma zuriz zaurituta. Osasun langileak bertaratu ziren, baina gizona lekuan hil zen.

Ordubete beranduago, hilketarekin ustez lotutako bi pertsona topatu zituen Udaltzaingoak Hondarribia kalean. Ertzaintzak biak atxilotu zituen, 20 urteko emakumezko bat eta 26ko gizonezko bat. Ondoren, 24 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, bere burua aurkeztu ondoren, Donostian.

Antza denez, erasoa Victoria Cafetik irtetean gertatu zen, elkarren artean ezagunak ziren bi talderen arteko borroka bortitz baten testuinguruan.

Ertzaintzak ingurua hesituta izan zuen hainbat orduz. Goizean zehar, karpa bat jarri, eta frogak bildu zituen, gertatutakoa argitzen saiatzeko. Besteak beste, odola topatu zuen Victoria kafetegian, baita zapatila beltz bat ere plazan.

Erantzunak

Hilketak atsekabe handia eragin du hirian eta hildakoaren jatorrizko udalerrian.

Eneko Goia Donostiako alkateak argi utzi duenez, "portaera larri horiek ez dute tokirik gure hirian, eta ez dugu horrelako jenderik nahi gure artean". Atsekabea adierazi du eta "doluminak eta elkartasuna" adierazi dizkio sendiari.

"Bidegabekeria honen arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela lehenbailehen", gehitu du.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak "gure saminik beroena" helarazi die hildakoaren familiari eta gertukoei. "24 urteko pertsona batek bizitza modu honetan galtzea justua ez dela argi dago", esan du, eta "une gogor honetan" Udalaren babesa adierazi die.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Lertxundik esan zuen herria "erabat atsekabetuta" eta gertatukoa "sinetsi ezinda" dagoela. Udalaren izenean, doluminak eta elkartasuna helarazi zizkien biktimaren etxekoei.

Gainera, hilketa gaitzesteko elkarretaratze isila egin dute gaur eguerdian, 12:00etan, Donostiako Alderdi Ederren. Bertako Udalak deitu du protesta bilkura, eta Hernanikoak bat egin du.

Elkarretaratze jendetsua Donostian, Lukas Agirreren hilketa salatzeko
Elkarretaratze jendetsua Donostian, Lukas Agirreren hilketa salatzeko
Elkarretaratze jendetsua Donostian, Lukas Agirreren hilketa salatzeko

0:33
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Ertzaintza Gipuzkoa Hernani Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Erailketak Gazteak