Gizartea -
5 urteko ikerketa
Hainbat familia-medikuk diabetesa aurreikusteko ikerketa hasi dute
Europako hainbat herrialdetan antzeko ikerketak egin dira, eta 2. motako diabetesa duten kasuen % 50, bizi ohiturak aldatuta saihestu daitezkeela ondorioztatu dute.
Erredakzioa
Diabetesa Ikertzeko Taldeen Sareak (RedGDPS) 2. motako diabetesa aurreikusteko ikerketa bat hasiko duela adierazi du, eta bost urteko iraupena izango duela.
Ikerketan 150 medikuk baino gehiagok eta 30 eta 75 urte arteko 3.200 pertsonak hartuko dute parte (Estatu espainiarreko autonomia-erkidego guztietakoak), horietako erdiek patologia hori pairatzeko arriskua dute, eta beste erdiek adierazle arruntak dituzte.
Lan honetako ikertzaile nagusiak, Francisco Javier Garcia Soidan medikuak, gaur aurkeztu du ikerketa jendaurrean, Bilbon, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Espainiako Elkartearen XXXII. Kongresuan. Atzo hasi zen, eta datorren ostiralera arte iraungo du.
Garcia Soidanek azaldu duenez, ikerketa horren helburua diabetesa garatzen eragina duten faktore aldakorrak zehaztea da, horrela, patologia hori aurreikusi ahal izateko.
Europako hainbat herrialdetan antzeko ikerketak egin dira, eta 2. motako diabetesa pairatzen duten kasuen % 50 bizi-ohiturak aldatuta (elikadura osasuntsua eta ariketa fisikoa) saihestu daitezkeela ondorioztatu dute.
Estatuan, egun, 18 urte baino gehiago dituzten pertsonen % 13,8k du diabetesa, eta % 15ek odoleko azukre maila okertuta du. Gainera, 65 urtetik gorakoen artean, hirutik bat diabetikoa da.
Andaluzia eta Kanariar Uharteak dira diabetiko gehien dituzten autonomia-erkidegoak; tasa baxuenak, berriz, Estatuko iparraldean daude.