Gizartea -

EUSKADI IRRATIA

Sagardui: "Donostialdeko ESIko afera bideratzeko ibilbidea martxan da, eta pauso horiek jarraituko ditugu"

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan, atzo Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek prentsaurrean azaldutako eskariak aurrez ezagutzen zituzten, eta horiei buruz hitz egiteko bidea abian duten barne prozedura dela esan du. Hurrengo batzarra urtarrilaren 18an dutela gogora ekarri du.

Gotzone Sagardui, gaur, Euskadi Irratian
Gotzone Sagardui, gaur, Euskadi Irratian
Gotzone Sagardui, gaur, Euskadi Irratian

play icon 26:46

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek atzera berriz iragarri dituzte protesta ekintzak errespetatzen dituela, baina Osakidetzak egoera bideratzeko ezarritako "barne ibilbidea" jarraituko duela nabarmendu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Zentzu horretan, bide horrek eskatzen dituen pausoak emateko eskatu du. "Ibilbide batean gaude, eta ibilbide horrek eskatzen dituen pausoak eskatzen ditut: egoera aztertu eta prozesuak eskatzen dituen urratsak errespetatu behar dira. Elkarrizketa egin dezagun", esan du.

Hala, Donostiako Ospitaleko zerbitzuburuek eta zuzendaritzak hurrengo hitzordua urtarrilaren 18an dutela gogoratu du. "Bertan landu behar dira gai guzti hauek", gehitu du.

Atzo Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek prentsaurrean egindako eskariei buruz galdetuta, berriz, Sagarduik azaldu du horien berri aurrez bazutela, eta horiei buruz hitz egiteko konpromisoa ere aurrez agertua zutela. "Aurrez esanda genuen gai horiei buruz lan egingo dela eta datorren hilean egingo dugun batzarrean egingo den iritzi trukaketa dela bidea. Horretan ez da ezer aldatu, ezagutzen genituen gai horiek".

Halaber, Osasun sisteman lurraldeen arteko desorekarik ez duela ikusten argi utzi nahi izan du. Bere egitekoak, "beti bezala", Osakidetzaren sare guztia "ahalik eta ondoen antolatzea" eta "herritarrek ahalik eta zerbitzu onena jasotzea" direla azaldu du.

Bestalde, minbiziaren aurkako HIPEC teknika soilik Donostian egongo dela ere esan du Osasun sailburuak, eta erreferentzialtasun hori ez duela galduko nabarmendu. "Erreferentzialtasunak beti ezartzen dira ebidentzia zientifikoak eta herritarren beharrizanak kontuan hartuta, baita profesionalen prestakuntza ere, nola ez".

Osakidetzako langileen egoera ere izan du hizpide Sagarduik, eta ildo horretan, berretsi du Jaurlaritzaren helburua osasun sistema publikoan "behin behinekotasuna % 8tik jaistea" dela. Abian dauden lan-eskaintzek helburu hori dutela, eta datorren urterako onartuta dauden aurrekontuetan ere langileen egonkortzea  aintzat hartu dutela gaineratu du. Horretarako "sindikatuen proposamenak aintzat" hartu direla esan du.

Lan-eskaintza horietan, "espezializazioaren barruan, superespezializazioa" kontuan hartzea —atzo zerbitzuburuek egindako eskarietako bat— oraingoz ez dela posible ziurtatu du, legediak ez duelako hori ahalbidetzen. "Halere, bide horretan lan egiten jarraituko dugu, zein bide egon daitezkeen aztertuz".

Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa abian jartzeko prozedura abian dela eta eman beharreko urratsak betetzen ari direla ere esan du. Ospitale horrek zein ezaugarri izango dituen eta Asuncion Erietxeak zein leku izango duen proiektu berrian ez du argitu.

Azkenik, azken asteotan albiste izan diren Osakidetzako itxaron zerrendei buruz, berriz, Sagarduik azaldu du Euskadi dela Estatuan "itxaron zerrenda hoberenak dituen erkidegoa". Lehen arretan, esaterako, batez besteko itxaron zerrenda bi eguneko dela nabarmenduz. Aitortu du, zenbait arlotan pandemiak eragin zuzena izan duela eta itxaronaldiak luzatu egin direla, baina "denborarekin" lehengoa itzultzeko itxaropena agertu du.

 

 

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Donostia Ospitalea