Gizartea -

Heriotza

Benedikto XVI.a aita santu emeritua hil da

Joseph Alois Ratzinger 95 urte zituela hil da Vatikanoko Mater Ecclesiae Monasterioan, 2013an aita santu karguari muzin egitea erabaki zuenetik bizi zen lekuan. Hil-kapera urtarrilaren 2an jarriko dute San Petri basilikan, eta hileta urtarrilaren 5ean izango da.

Benedikto XVI.a. Argazkia: Efe
Benedikto XVI.a. Argazkia: Efe
Benedikto XVI.a aita santu emeritua hil da, 95 urte zituela

0:40

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benedikto XVI.a aita santu emeritua hil da 95 urte zituela Vatikanoko Mater Ecclesiae Monasterioan, 2013an karguari muzin egin zionetik bizi zen lekuan, Vatikanoak jakitera eman duenez. Hil-kapera urtarrilaren 2an jarriko dute San Petri basilikan, eta hileta-elizkizuna urtarrilaren 5ean izango da San Petri plazan, Frantzisko aita santuaren eskutik.

"Penaz jakinarazten dut Benedikto XVI.a aita santu emeritua hil egin dela 09:34ean Vatikanoko Mater Ecclesiae Monasterioan", azaldu du Vatikanoak sei hizkuntzatan zabaldutako agiri ofizialean.

Aita santu eta teologo alemaniarraren osasun egoeraren inguruko kezka handitu egin zen abenduaren 28an, Frantzisko aita santuak onartu egin baitzuen "oso gaixorik" zegoela, eta bere alde otoitz egitea eskatu zuen.

Ondoren, Matteo Bruni Vatikanoaren bozeramaileak baieztatu zuen Benedikto XVI.aren egoerak okerrera egin zuela "adinagatik".

Azken urteotan, Georg Ganswein aita santu emerituaren idazkari pertsonalak askotan adierazi izan du Benedikto XVI.aren osasun egoera "poliki eta lasai itzaltzen ari den kandela" baten parekoa zela.

Biharamunean, Egoitza Santuak jakinarazi zuen Ratzinger "egonkor" zegoela "larritasunaren barruan". Eta atzo, abenduak 30, mezara joateko gai izan zen.

Benedikto XVI.ak teologiari zion maitasuna azpimarratu dute teologoek
Benedikto XVI.ak teologiari zion maitasuna azpimarratu dute teologoek
Benedikto XVI.ak teologiari zion maitasuna azpimarratu dute teologoek

01:14

Benedikto XVI.ak monasterioan pasatu ditu azken orduak, 2013ko otsailaren 11n karguari uko egitea erabaki zuenetik. Erabaki historikoa izan zen hura, sei mendetan lehenengo aldiz gertatutakoa.

Oso gaixorik zegoela zabaldu zenean, fededun asko elkartu dira mundu osoko elizetan bere alde otoitz egiteko.

2013ko ukoa

Ofizialki 2013ko apirilaren 2an gauzatu zen Ratzingerren kargu uztea, eta ordutik Vatikanoko "familia"k inguratuta bizi izan da, hau da, idazkariarekin, mediku batekin, erizainarekin eta Memoris Domini institutuko lau emakume laiko kontsagraturekin. Azken horiek etxeko-lanak egiteaz eta aita santu emerituaren bestelako beharrak artatzeaz arduratzen ziren.

Benedikto XVI.ak hitzeman zuen isilik egongo zela, Frantzisko aita santuarekiko errespetuz, baina erantzun egin du berari eragiten zioten gaien aurrean.

Adibidez, 2022ko otsailean barkamena eskatu zuen bere agintaldian izandako akats eta sexu-gehiegikeriengatik. Izan ere, Alemanian adingabeei egindako sexu-abusuei buruzko txosten bat zabaldu zen, eta bertan agertzen zenez, Ratzingerrek bazuen sexu-gehiegikeria horien berri Municheko artzapezpiku zenean (1977-1982).

"Erabateko lotsa, min handia eta barkamen eskaera soilik ager diezaieket sexu-gehiegikerien biktimei. Ardura handia izan dut Eliza Katolikoan", azpimarratu zuen.

Monastegitik oso gutxitan atera zen. Behin Georg anaia bisitatzera joan zen Ratisbonako ospitalera.

Euskal gotzainen aitortza

Euskal gotzainek Benedikto XVI.a aita santu emerituak Elizari egindako "ekarpen handia" goraipatu dute eta "arrasto sakona" utziko duela azpimarratu dute.

Bere heriotzaren berri izan ostean, Joseba Segura Bilboko gotzainak aita santuaren lana eskertu du ohar batean eta haren arimaren alde otoitz egitera deitu du.

Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak ere ildo berean hitz egin du eta aita santuaren "betiko atsedenaren" aldeko mezak iragarri ditu gaurtik aurrera eta igande osoan zehar, Arabako elizetan.

Fernando Prado Donostiako gotzainak, berriz, Gipuzkoako elizbarrutiko eliza eta tenplu guztiei dolu kanpaiak jotzera gonbidatu ditu, aita santu emerituaren heriotzagatik "erreberentzia eta errespetua" adierazteko.

Mundu mailako polikitari zein erakundeek aitortza egin diote Benediktori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Aita santua Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Eliza Katolikoa