Gizartea -
MIGRAZIOAREN DRAMA
Aita Mari prest da urtarrilean itsasoratzeko, Italiako Gobernuaren dekretuak erreskateak zaildu arren
Iñigo Mijangos SMHko presidentearen iritziz, Italiako Gobernuaren dekretua ez da legezkoa, eta, gainera, tranpa bat da "ontziak entretenituta izateko, eta horrela, erreskateak egin ditzatela eragozteko".
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Itsas Salbamendu Humanitario taldetik adierazi dute Aita Mari "prest" dagoela datorren urtarrilean Mediterraneo erdialdera itzultzeko, eta ohartarazi dute Italiako Gobernuaren "oztopoak oztopo", lanean jarraituko dutela migratzaileak itsasoan ito ez daitezen.
SNHk azaldu duenez, lehen erreskatea egin ondoren lehorreratze-portura "berehala" joateko agindua ematen du Italiako dekretu berriak eta horrek euskal ontziari "ziurrenik" eragingo ez badio ere, ez da gauza bera gertatuko erreskate-ontzi handiekin.
Izan ere, migratzaileak erreskatatzeko ontzi bihurtutako euskal atunontzia ez da "bi edo hiru egun baino gehiago" egoten lehorrera bidean jarri gabe. Hala ere, salbuespenak gerta litezke eta azken misioan 9 egun eman zituztela, porturik esleitzen ez zietelako, gogorarazi du Iñigo Mijangos SMHko presidenteak ohar batean.
Mijangosek ohartarazi duenez, Giorgia Meloniren Gobernuaren azken ebazpenaren ondorioz, "areagotu egin da paterak arretarik gabe geratzeko arriskua, eta horrek heriotza gehiago eragingo ditu".
Gaineratu duenez, hemendik aurrera, portua kontinentean bertan emango du Italiak, Siziliako uhartean izan beharrean, eta horrek egun batzuetako nabigazioa eragingo du. Erabaki horren helburua "ontziak entretenituta edukitzea eta, de facto, beste erreskate batzuk egitea eragoztea" da Mijangosen iritziz.
Lehen erreskatearen ondoren portu segurua eskatu ezean, kapitainek 10.000 eurorainoko isuna jaso ahal izango dute, eta ontziari 20 eguneko ibilgetze administratiboa egiteko aukera izango dute agintariek. Isuna 50.000 eurokoa izan daiteke, eta ontzia konfiskatu, Italiako uretan agintarien baimenik gabe sartzen saiatzen badira, gainera.