Gizartea -
Eguraldia
Euri txikia astelehen goizean, eta tenperaturen jaitsiera nabarmena
Astelehena prezipitazioekin hasiko da egunaren lehen partean, eta atertzera egingo du. Fronteak tenperaturak jaitsaraziko ditu, eta urte sasoi honetrako balio normalagoetan kokatuko dira.
Agentziak | EITB Media
Zeruak estalita itzarriko da astelehen honetan EAE, egunaren lehen partean prezipitazio txiki-ertainak egingo ditu eta eguerditik aurrera atertzera egingo du; mendebalde-ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, kostaldean bolada gogorrekin, eta tenperaturak nabarmen egingo du behera.
Tenperatura minimoak 9 gradukoak izango dira Donostian eta Bilbon, eta 5ekoak Gasteizen. Termometroek gehienez ere 19 gradu harrapatuko dituzte Gipuzkoako hiriburuan, 15 Bizkaikoan eta 12 Arabakoan.
Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko uretan haizeak itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du, eta goizaldean marejada eremuak izango dira; ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa izango da metro eta erdiko olatuekin, eta mendebaldeko haizea ibiliko 2-3 indarrarekin, goizaldean, tarteko, 4ko indarrarekin.
Asteartean hodei gutxiago izango da, egunaren lehen partean behe-lainoa sortu daiteke eta norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da.
Tenperaturak, minimoak nahiz maximoak, zertxobait jaitsiko dira, eta Arabako zenbait tokitan izotza egin dezake.
Nafarroan zerua estalita eta prezipitazio ahul eta sakabanatuekin esnatuko da astelehenean eta arratsaldeko azken orduan ostarte handiak zabalduko dira. Litekeena da lanbroa eta laino barreiatuak sortzea iparraldeko gune garaietan. Elur-kota 1800-2000 metro inguruan kokatuko da.
Tenperaturak behera egingo du, Ebroko minimoek izan ezik, horiek ez baitira aldatuko. Haizea ahul eta norabide aldakorrean ibiliko da, ipar-mendebaldean nagusituz.