Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Larunbat hodeitsua baina prezipitaziorik gabe, EAEn
Larunbata eguzkitsua esnatu zaigu baina orduak aurrera egin ahala, bero-hodeiak garatu dira. Igande arratsaldean prezipitazioak izango ditugu lagun.
Erredakzioa
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteburu honen hasiera eguzkitsua etorriko zaigu, baina, larunbat honetan, orduak pasa ahala eguraldia aldatuz joango da. Itxura ederra emango du egunaren hasieran, orduan zerua oskarbi egongo baita.
Goizean haizeak hegoaldetik joko du eta tenperatura gozoa espero da. Eguerdian haizea ipar-mendebaldera aldatuko da eta horregatik gaurko tenperatura maximoak ez dira aurreko egunetan bezain altuak izango. Ipar-mendebaldeko haize horrek hodeiak ekarriko ditu gurera eta hodeitzarekin batera baita euri apur bat ere; prezipitazioak ez dira ugariak izango orokorrean. Arratsaldearen hasieran, haizea aldatu ostean, kostaldean haize-bolada gogorren bat izan dezakegu.
Igandean hodeiak gailenduko zaizkie ostarteei zeruan eta giro goibelagoa sortuko dute. Goizean goiz ekialdeko haize ahula ibiliko bada ere, eguerditik aurrera haizeak iparraldetik joko du, baina giroa ez da freskoa izango, atsegina baizik. Egunaren lehenengo partean toki gehienetan ateri egongo da, baina arratsaldetik aurrera zaparrada txiki-ertainak botako ditu; baliteke orduan ekaitzak ere jotzea.
Astelehenean tenperatura maximoek behera egingo dute eta tarteka giro goibela eta freskoa egotea espero da. Hodeiek zerua estaliko dute berriro eta zaparradak botako ditu. Euri txikia egingo du orokorrean, baina tarteka indar handiagoz egin dezake, goizaldean eta gauean bereziki.