Gizartea -
Cornellan
Bi gaztek adingabe bat hil dute Bartzelonan, diskoteka gune batean
Mossos d'Esquadrako agenteek ordu gutxiren buruan atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak, L’Hospitalet de Llobregaten (Bartzelona).
Erredakzioa
Mossos d'Esquadrako agenteek gazte bi atxilotu dituzte, horietako bat 16 urtekoa, Cornellà de Llobregat (Bartzelona) udalerrian, Femades industrialdeko diskoteka gunean, labankadaz adingabe bat hiltzea egotzita.
Kataluniako Poliziaren arabera, igande goizaldean kalean borroka bat zegoela jakinarazi zieten, eta patruilak bertaratu zirenean, gazte bi larri zaurituta aurkitu zituzten. Zaurituetako bat, 17 urteko mutil bat, egoera kritikoan zegoen, eta gaur hil da ospitalean; besteak ospitalean jarraitzen du, egonkor.
Mossoek ordu gutxiren buruan atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak (D. E. P.M., 23 urtekoa, eta 16 urteko adingabe bat), L’Hospitalet de Llobregaten (Bartzelona); hilketa delitua egotzi diete. Ikerketa, baina, zabalik dago, krimena zer dela eta egin zuten argitzeko.