Gizartea -

Gertakaria

Hiru gazte atxilotu dituzte Bilboko etxe bat lapurtzen ari zirela

Bizilagunek ohartarazita, Ertzaintza etxebizitzara bertaratu da eta lapurrak gosaltzekotan zirela harrapatu ditu, ostutako guztia poltsatan gordetan zutela.

Ertzaintza lapurretako bat etxetik ateratzen. Argazkia: EITB
Ertzaintza lapurretako bat etxetik ateratzen. Argazkia: EITB
Ertzaintza lapurretako bat etxetik ateratzen. Argazkia: EITB

G. Palacios

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20 eta 22 urte arteko hiru gazte atxilotu dituzte gaur goizaldean, Bilboko Begoña auzoko etxebizitza batean lapurreta egitea leporatuta.

Bizilagunek ohartarazita, Ertzaintza aipatu etxebizitzara bertaratu da goizaldeko 03:00ak inguruan. Lapurreta bat izan zitekeelakoan, ertzainek eskailera bat hartu dute eta balkoitik sartu dira. Balkoiko atearen kristala eta pertsiana hautsita zeudela egiaztatu dute eta barrura sartzerakoan etxe guztia hankaz gora eta objektuz betetako hainbat poltsa topatu dituzte.

Etxea miatu eta hiru lapurrak aurkitu dituzte. Horietako bi ohe baten azpian ezkutatu dira eta hirugarrena armairu baten barruan. Gainera, gaileta batzuk prestatuta zeuzkaten, etxetik alde egin aurretik zerbait gosaltzeko asmoz.

Eraikineko bizilagunek eitb.com-i azaldu diotenez, joan den igandean etxebizitza horretako atea behartuta antzeman zuten eta, jabea oporretan zegoenez, sarraila gogortzea erabaki zuten. Alabaina, lapurrak egun batzuk geroago bueltatu dira eta etxean sartzea lortu dute.

Atxilotutako hiru gazteak datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea