Gizartea -
KALTEAK
Bizkaibuseko zerbitzua ia eten dute Ezkerraldean, 80 autobusi egindako sabotajearen ondorioz
Autobusen atzerako ispiluak eta beirak hautsi dituzte, baita pintaketak ere, eta, beraz, ezin dute zirkulatu kalteak konpondu arte. CCOOk sabotajea gaitzetsi du.
EITB MEDIA
Ezkerraldean eta Meatzaldean Bizkaibusen 80 unitateri egindako sabotajearen ondorioz, atzerapen handiak izan dira EMB Ezkerraldea-Meatzaldea Busen lineetan.
Juan Carlos Gonzalez enpresa-batzordeko presidenteak EITB Mediari adierazi dionez, zerbitzua ia etenda dago.
Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatu duenez, Aparkabisako kotxetegietan aparkatuta zeuden 80 bat autobusi atzerako ispiluak eta beirak hautsi dizkiete goizaldean, baita pintaketak egin ere. Beraz, ezin dute zirkulatu kalteak konpondu arte.
CCOOk sabotajea gaitzetsi du. Sindikatuak EMB Ezkerraldea-Meatzaldea Bus emakidadunaren enpresa-batzordeko presidentza du, eta ohar baten bidez deitoratu ditu gertakariak herritarrei eragin diezazkiekeen arazoak.
Agiri berean, batzordeko presidenteak lan-gatazkari buruz hitz egin du, hainbat greba-egun eta mobilizazio egin ostean, egoera gero eta "jasangaitzagoa" dela ohartarazi du.
Konpainia horretako langileek 24 orduko lau greba egun egin dituzte orain arte, eta beste 12 lanuzte partzial iaztik, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa dela eta, sindikatuek erosteko ahalmenari eutsiko dion soldata-igoera eskatzen baitute.
Gainera, lanuzteak deitu dituzte hurrengo egunetarako: urtarrilaren 31rako; otsailaren 6, 16, 22 eta 28rako; eta martxoaren 6, 16, 22 eta 28rako.