Gizartea -
Euskaldendak
'Salbuespenezko neurri gisa' merkealdia aurreratzea eskatu dute
Euskaldendak merkatarien patronalak merkealdia ekainaren 28ra aurreratzea nahi du.
Erredakzioa
"Salbuespenezko neurri gisa eta udako kanpaina salbatzeko" Euskaldendak Euskadiko merkatarien elkarteak merkealdia aurreratzeko eskatu dio Bernabe Unda Industria sailburuari. Urtero uztailaren 1ean hasten da udako merkealdia, baina, aurten igandea denez, lau egun aurreratzeko eskatu dute.
Bilbon egin duten prentsaurrekoan, Bittor Lizarribar Euskaldendak elkarteko presidenteak azaldu duenez, eskaerak "eroslearen alde-egitea" hartu du kontuan, izan ere, askorentzat oporrak asteburu horretan hasiko direla aurreikusi dute; uztailak 1 igandea da, eta asko ordurako kanpoan egongo direla argudiatu dute.
Halaber, egun horretan dendak irekitzea "aurrekari arriskutsu gisa" geldituko dela ohartarazi dute jaiegunen eztabaidari aipamen eginez.
Udako merkealdiko lehenengo astea izaten da "indartsuena", Euskaldendako presidentearen arabera, eta sasoiko salmenten % 25 orduan izaten direla azaldu du. "Merkealdia jada ez da lehen zena, baina, dudarik gabe, lehenengo astea izaten da onena".
Horregatik, Jaurlaritzaren babesa izan ez arren, Euskaldendako kide guztiei (6.000 inguru) merkealdia abiatzeko eguna aurreratzea eskatuko dietela esan dute.