Gizartea -
Biztanleak Nafarroan
Nafarroak 664.000 biztanle baino gehiago ditu eta goranzko bidean jarraitzen du
Nastat erakundeak argitaratutako datuen arabera, biztanleen % 11,1ak atzerriko naziotasuna dauka. Biztanleriaren zahartzea ere erakusten dute datuok, izan ere, batazbesteko adina 43,8koa da, duela hamarkada bat baino bi urte gehiagokoa.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako biztanleen errolda 664.117 lagunetakoa zen 2022ko urtarrilaren 1ean Nastat-ek (Nafarroako Estatistika Institutua) gaur kaleratu dituen datuen arabera. Honenbestez, azken zazpi urteetako igoerari eusten dio biztanleriaren datuak.
Igoera hori inmigrazioari eskerrak ari da izaten hein batean. Izan ere, Nastat-et datuen arabera, biztanleria osoaren % 11,1ek atzerriko naziotasuna dauka. Duela hamarkada bat datu hori % 10,8koa zen, beraz, ia puntu batean egin du gora.
Atzerriko naziotasuna dutenen datuei begiratuta, talderik handiena europarrena da; % 32,1 dira. Segidan daude amerikarrak (% 31,5), afrikarrak (% 31,4) eta asiarrak (%4,7). Azkenik, biztanle hauen % 0,2a ozeaniarra da edo herrialderik gabekotzak dauka bere burua. Herrialdeak kontutan hartuta, Nafarroan biztanle gehien dituzten naziotasunak hauek dira: Maroko, Errumania, Kolonbia, Bulgaria, Portugal, Ekuador, Peru, Argelia eta Txina.
Datu hauek duela 10 urtekoekin alderatu ditu Nastatek. Horien arabera, atzerritarren artean europarrak gutxitu egin dira; % 17 jaitsi da haien kopurua. Aldiz, gora egin dute Asiako eta Afrikako naziotasuna daukatenen kopuruak, % 64,5 eta % 29,3 hurrenez hurren.
Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratutako datuetatik atera daitekeen beste ondorio bat da biztanleria zahartzen ari dela. Duela 10 urteko errondako datuekin alderatuta, gazteenen kopuruak behera egiten duela ikusten da eta, adinean nagusiagoak direnak, ordea, gehiago dira biztanlerian. Hain zuzen ere, Nafarroako biztanleen batazbesteko adina 43,8 urtekoa da, 2012an baino bi urte gehiago.
Adin tarteetan arreta jarrita, 15 urtetik beherakoak biztanleriaren % 14,8a dira. 15 eta 44 urte artean daudenak % 32,5 dira. 45 eta 64 urte artekoak % 29,7 dira. Azkenik, % 20,5ak 65 urte baino gehiago ditu.
Adina eta naziotasuna ere lotu ditu Nastat-ek. Espainiako naziotasuna daukatenen artean %62ak 15 eta 64 urte artean ditu, % 22,3ak 65 urtetik gora ditu eta % 15,7ak 15 urtetik behera ditu. Atzerriko naziotasuna daukaten artean, ostera, portzentajeak ezberdinak dira: %78ak 15 eta 64 urte artean ditu, %3,7ak soilik ditu 65 urtetik gora eta % 18,1ak 15 urtetik behera ditu.
Azkenik, Nafarroan erroldatuta dauden 664.117 pertsona horietatik % 49,5a gizonezkoak dira eta % 50,5a emakumezkoak Nastaten arabera.