Gizartea -
Heriotza
Paco Rabanne moda-diseinatzaile pasaitarra hil da
88 urte zituela zendu da, Frantzian, Bretainian, bizi zen herrian.
EITB Media
Paco Rabanne Pasaiako moda-diseinatzailea hil da, 88 urte zituela, Frantziako Britainiako Portsall herrian.
Pasai San Pedron jaio zen, 1934an, Francisco Rabaneda Cuervo. Haren aita indar errepublikarretako koronela izan zen Gerra Zibilean eta Santoñan fusilatu zuten 1939an. Ondorioz, amak Frantziara alde egitea erabaki zuen, 5 urteko semea hartuta.
Hain zuzen ere, Pacoren ama Cristobal Balenciaga moda diseinatzailearen etxean jostun lanetan ibili zen eta emakume talde haren buru izatera ere iritsi zen. Beraz, Paco gaztea moda giro hartan hazi zen.
Pariseko Arte Ederren Goi Eskola Nagusian arkitektura ikasketak egin zituen eta, amaitu ahal izateko, hainbat moda-marrazki sortu eta aurkeztu zituen. 1959an, moda-aldizkari batek marrazki horietako batzuk argitaratu zituenen hasi zen Rabanneren diseinatzaile ibilbidea.
Lehen urteetan, zenbait moda-etxerentzako lanak egin zituen; poltsak, oinetakoak eta moda-osagarriak diseinatu zituen. Bere lehen moda kolekzioa 1966an osatu zuen. Parisko hotel batean hainbat material berritzailez egindako eta diskoz eta plakaz apaindutako 12 soineko aurkeztu zituen.
Beti izan zuen gustuko material eta forma berriekin esperimentatzea. 60ko hamarkadan egiten zituen jantzietan dagoeneko agertzen ziren ostruka-lumak, aluminioa edota larru bereziak. Urte batzuk geroago metalezko paperak, argia botatzen zuten oihalak, metalezko kordak eta mota guztietako apaingarriak jartzen zizkien bere kolekzioetako arropei.
Goi-joskintza eta pret-a-porter deituriko moda egin zuen, bai gizonezkoentzat bai emakumezkoentzat. 70eko hamarkadatik aurrera, gainera, hainbat lurrin merkaturatu zituen. Bere estiloaren ezaugarriak inkonformismoa, adorea eta berrikuntza izan ziren.
2014an, Puig etxearen jabetzara pasa zen Paco Rabanne marka. Puig familiak heriotza honek sortu dion atsekabea adierazi du ohar batean. Pasaiako diseinatzaileak "Puigen historian paper garrantzitsua" izan zuela eta "enpresaren arrakasta askoren atzean" egon zela azpimarratu dute.
Paco Rabanne artista eta sortzailea izan zen. Jantziak sortzeaz gainera, sormena eskultura edota pintura bidez ere erakutsi zuen.
Haurra zenetik Frantzian bizi izan bazen ere, Rabannek beti izan zuen gogoan Pasaia sorlekua. Hain zuzen ere, herriak omenaldia egin zion 2017an haren lana azaltzen zuen erakusketa batekin.
Paco Rabanne bere etxean hil da, Britainiako Portsall herrian, 88 urte zituela.