Gizartea -
NAFARROA
Bost urteko haur baten bahiketa saiakera ikertzen ari da Iruñeko Udaltzaingoa
Ostiraleko 20:00ak aldera gertatu zen bahiketa saiakera Arrotxapea auzoan. Gizon bat haurra besoetan hartu eta parketik eramaten saiatu zen. Inguruan ziren haurrek gertatzen ari zenaren abisua eman zuten.
EITB MEDIA
Iruñeko Udaltzaingoa atzo iluntzean Iruñean gertatutako ustezko bahiketa saiakera bat ikertzen ari da. Antza denez, bost urteko haur bat bahitzen saiatu zen gizon bat, Arrotxapea auzoan.
Iruñeko Udaltzaingotik EITBri azaldu diotenez, 20:00ak aldera dei bat jaso zuten Maiteminduen parkean gizon batek haur bat eraman nahi izan zuela ohartaraziz.
Lekukoen arabera, inauteriak ospatzen ari zirela, haurra besoetan hartu eta parketik Otsagabia kaleko bidegurutzeraino eramaten saiatu zen gizona.
Haurra lagunekin zegoen eta horiek eman zuten gertatzen ari zenaren inguruko abisua. Sortutako zalaparta zela medio, umea lurrean utzi eta korrika alde egin zuen gizonak.
Agenteak bertaratu zirenerako jada ez zegoen gizonaren arrastorik.
Udaltzaingoak ikerketa ireki du zer gertatu zen argitzeko.