Gizartea -
Soria eta Zaragoza artean
Hamar gazte nafar erreskatatu dituzte Moncayon
Murchanteko gazteak, 16 eta 18 urte artekoak, bi taldetan bereizita topatu dituzte. Inor ez da larri zauritu, baina osasun zentro batera eraman dituzte guztiak.
Agentziak | EITB Media
Murchanteko hamar gazte, 16 eta 18 urte artekoak, erreskatatu dituzte Moncayo mendian asteazken arratsaldean, Zaragozako isurialdean. Hiruk erorikoa izan dute, izotz plaken ondorioz, eta gainerako zazpiak galdu egin dira.
Inor ez da larri zauritu, baina osasun zentro batera eraman dituzte guztiak, Zaragozako Diputazioak zabaldutako informazioaren arabera.
Espainiako Gobernuak Gaztela eta Leonen duen Ordezkaritzako iturriek azaldu dutenez, hasieran zalantzak zeuden galdutako zazpi gazteen kokapenari buruz, Soria eta Zaragoza artean baitzeuden, baina, azkenean, mugikorrei esker geolokalizatu dituzte.
Gazteek 16 eta 18 urte bitartean dituzte, eta bi taldetan bereizita aurkitu dituzte.
Lehenik eta behin, arratsaldeko laurak eta laurden aldera, Tarazonako erreskate taldea eta Huescako helikoptero bat mobilizatu dituzte, izotz- eta elur-eremu batean eroritako hiru gazteren talde bati buruzko abisua jaso ondoren.
Elurraren ondorioz, erreskateak baldintza zailak izan ditu, eta, ondorioz, helikopteroa ezin izan da hurbildu, baina, azkenean, oinez bertaratu diren guardia zibil batzuek erreskatatu dituzte, mendiaren bi isurialdeetatik abiatuta.
Ondoren, orientazioa galduta zuten beste hiru gazteren abisua jaso dute. Hiru mendizalek osatzen zuten taldea, eta gailurrera igotzen ari zirela aurkitu dituzte. Oinez joan zaizkien guardia zibil batzuen laguntzarekin jaitsi dira.