Gizartea -
Lapurdi
Donibane Lohizuneko San Tomas Akinokoa lizeoko ikasleak zentrora itzuli dira
Atzo itxita egon zen, ikasle eta irakasleei arreta psikologikoa eskaintzeko. Frantziako Estatuko ikastetxe guztiek minutu bateko isilunea egin zuten.
EITB Media
Donibane Lohizuneko San Tomas Akinokoa lizeoko ikasleak zentrora itzuli dira gaur, asteazkenean ikasle batek irakasle bat labankadaz hil ostean, atzo ikasle eta irakasleei arreta psikologikoa emateko zentroa itxita egon eta gero.
Frantziako Estatuko hezkuntza zentro guztietan minutu bateko isilunea egin zuten atzo arratsaldean. 15:00etan, ikasle zein zentroetako langileak isilean bildu ziren hilketa arbuiatzeko.
Gertakariak 10:00ak baino lehentxeago gertatu ziren, asteazkenean. 16 urteko ikasle batek labanaz sastatu zuen Donibane Lohizuneko (Lapurdi) lizeo pribatu batean 50 urte inguruko bere gaztelerazko irakaslea hezkuntza katolikoko ikastetxe pribatu batean, San Tomas Akinokoa lizeoan. Eskola erdian, ikaslea (arazo psikiatrikoak omen ditu) altxatu egin zen, gelako atea giltzaz itxi zuen eta irakaslearengana joan zen, arbel ondora. Ikasleen testigantzen arabera, paper artean ezkutatuta zuen 10 zentimetro inguruko objektu zorrotz bat atera zuen orduan, eta sabelean sartu zion.
Gainerako ikasleak gelatik ihes egiten saiatu ziren, egilea inguruan babesten zen bitartean. Beste irakasle batek arma odoleztatua emateko konbentzitu zuen. Jendarmeak iritsi aurretik, nerabeak irakasle horri azaldu zion ahotsak entzun zituelako egin ziola eraso.
Hiltzailea atxilotu, eta Jendarmeriaren egoitzara eraman zuten. BFMTV katearen arabera, gazteak nota onak zituen, ez zen bereziki problematikoa eta ez zuen aurrekaririk.
Emmanuel Macron, Frantziako Gobernuko presidentea, minduta agertu zen hilketagatik. Frantziako Gobernuko bozeramaileak, Olivier Veranek, mezu bat bidali zion "hezkuntza komunitate osoari". Era berean, Pape Ndiaye Hezkuntza ministroa gertakariak izan ziren lekura joan zen, eta kaltetutako guztiei elkartasuna adierazi zien.