Gizartea -

Osasun sistema

Euskadiko Sendagileen Sindikatua: "Langileak zaindu ordez, gutxietsi egiten ditu Osakidetzak"

Euskadiko Sendagileen Sindikatua Osasun sailburuari zuzendu zaio: "zuk ukatu arren, osasun arloko profesionalen lan baldintzak dira arazo nagusia, langileen ihes egitea errazten dutelako".

Osasun alorreko langileak, ospitale batean. Argazkia: EITB MEDIA
Osasun alorreko langileak, ospitale batean. Argazkia: EITB MEDIA
Osasun alorreko langileak, ospitale batean. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun arloko profesionalak "gutxiestea" leporatu dio Euskadiko Sendagileen Sindikatuak Osakidetzari, "alde egin ez dezaten, zaindu beharrean, gutxietsi egiten dituztelako". Euskadiko Sendagileen Sindikatua Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzendu zaio: "zuk ukatu arren, osasun arloko profesionalen lan baldintzak dira arazo nagusia, langileen ihes egitea errazten dutelako".  

Atzo hiru euskal hiriburuetan Osakidetzaren alde izandako manifestazioen ostean, Gotzone Sagardui sailburuak Osakidetzaren "desegitea" ukatu zuen, eta gaineratu zuen osasun sistemaren egoera ez dela "lan-baldintzen edo diruaren araberako arazoa, osasun-arloko profesionalen faltaren araberakoa baizik, batez ere familia-medikuntza eta pediatria arloetan".

"Sagardui anderea, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak argi eta garbi esaten dizu, zuk ukatu arren, lan-baldintzak direla arazo nagusia, bai, lan-baldintzak. Zer izan zen lehenago? Profesional gabezia argia ala profesionalen ihes egitea errazten duten eta talentuari eustea eragozten duten lan-baldintza txarrak? Arrautza ala oiloa?", galdetu du medikuen sindikatuak ohar baten bidez.

Iaz Familia eta Komunitateko Medikuntzako 200 BAME plaza hutsik geratu zirela gogoratu diote Sagarduiri, eta arrazoia "agerikoa" dela gaineratu dute. "Lehen Mailako Arreta dagoeneko ez da erakargarria sendagileentzat. Profesionalik ez dagoenez, sendagileek bere kupoetakoez gain beste kupo batzuetako gaixoak hartu behar dituzte egunero eta etengabe. Lan-gainkargak eta/edo lanaldi luzeegiek, azkenean, pertsona batzuen morala txikitzen dute, Osasun Publikoa uzteraino edo, hainbat kasutan, lanbidea uzteraino", ondorioztatu dute.

"Osakidetzaren kudeaketa txarra kritikatzen dugun bakoitzean", bukatu du sindikatuak bere oharrean, "sailburu anderea komunikabideetan agertzen da medikuok 'soldata galantak jasotzen ditugula' esanez: gatazka agerikoa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak