Gizartea -
Harrera politikak
Asilo eskatzaileen arreta bere gain hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Migrazio Ministerioari
Astelehen honetan egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak "ezinbestekotzat" jo du lankidetza eta kogobernantza eredu bat bultzatzea.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak asilo eskatzaileei ematen zaien "zerbitzuaren diseinua, kudeaketa eta koordinazioa" bere gain hartzeko eskatu dio Espaniako Gobernuko Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari, "lehen unetik".
Gizarte Politiketako Sailak eta Ministerioak bilera telematikoa egin dute astelehen honetan, eta bertan Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburu ordea eta Isabel Castro Migrazioen Estatuko idazkaria izan dira buru, Gizarte Politiketako Sailak jakitera eman duenez.
Bi lantalde sortzeko bi gobernuen arteko akordioaren baitan kokatzen da bilera; batetik, pertsona migratzaileei lan baimenen kudeaketa transferitzeko eta, bestetik, gaur bildu dena, migrazio eta harrera politiken jarduna eta gobernantza hobetzeko.
Bileran, euskal ordezkaritzak eskatu du "jarduera esparrua birdefinitzea, gai horretan inplikatzeko borondatea duten gobernu autonomikoek, beren lurralde eremuan, nazioarteko babes eskatzaileei eta onuradunei ematen zaien zerbitzua diseinatzeko, kudeatzeko eta koordinatzeko eginkizunak euren gain har ditzaten, hasiera hasieratik eta harrera prozesuaren fase guztietan".
Gainera, adierazi duenez, "ezinbestekoa da lankidetza eta kogobernantza eredu bat bultzatzea, are gehiago kontuan hartuz gero osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte prestazioen arloko eskumenak, besteak beste, erakunde autonomikoetan eta toki erakundeetan daudela".
Bileran erabaki da talde hori, martxoan berriro bilduko dena, Espainiako Gobernuak Gasteizko Arana egoitzan errefuxiatuei harrera egiteko proiektatutako zentroaz ere arduratuko dela. Egoitza horrek aurrez aurre jarri ditu bi gobernuak, bai eta EAJ eta PSE-EE ere.