Gizartea -

EUSKARA ESKAKIZUNA

EAEko Justizia Auzitegiak atzera bota du 34 langile publikori euskararen ezagutza eskatzea

34 lanposturen deialdiaren baitan, 32 kasutan B2 profila eskatu zen. Auzitegiak uste du eskari neurrigabea dela, eta oinarrizko eskubideak urratzen direla. Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea aurkeztuko du epaiaren kontra.

EAEko Auzitegi Nagusia. Artxiboko argazkia: Wikimedia Commons
EAEko Auzitegi Nagusia.
EAEko Auzitegi Nagusia. Artxiboko argazkia: Wikimedia Commons

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskara eskakizunen kontrako beste sententzia bat kaleratu du asteazken honetan Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak. Oraingoan, Gipuzkoako Aldundiaren menpe dagoen Uliazpi Fundazioak egindako deialdiaren kontra ebatzi du.

34 lanposturen deialdiaren baitan, 32 kasutan B2 profila eskatu zen. Auzitegiak ebatzi duenez, baina, eskari neurrigabekoa da eta oinarrizko eskubideak urratzen ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak Euskadi Irratiari baieztatu dionez, deialdiak ez du inoren eskubiderik urratu, eta Justiziak euskara eskakizunen interpretazio murriztailea egiten duela salatu du; gainera, horrek etorkizunean ere lan deialdi publikoak baldintzatuko ditu, horren aburuz.

Erabaki judiziala "erabat baztertu" du Mendizabalek, eta Aldundiak herritarren zein Uliazpiren erabiltzaileen hizkuntza eskubideak "irmo defendatuko" ditu.

Auzitegi Nagusiak kaleratutako ebazpenaren arabera, Uliazpi Fundazioaren deialdian, plazen % 94rentzat aurreikusten zuen euskara eskakizuna, Euskararen normalizaziorako legeak % 65'5ekoa aurreikusi arren; beraz, "gehiegizkoa" da. Auzitegiaren arabera, edozein herritarrek enplegu publikorako duen eskubidea Euskara sustatzeko plangintzaren gainetik dago.

Uliazpi Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakunde autonomoa da, eta adimen urritasuna duten pertsonei eta horien familiei zerbitzua eta laguntza eskaintzen die.

Euskalgintzaren Kontseiluak kezka handia agertu du ebazpen honen aurrean

Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren aburuz, "oso larria" da epaia, eta "botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat da".

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelen hitzetan, sententzia "kezkagarria eta larria iruditzen zaigu, milaka herritarren hizkuntza-eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunerantzako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora jartzen dituelako", esan du.

Kasu zehatz honetan, gainera, sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratzen direla erantsi du, "desberdintasun funtzionalen edota buruko osasun arazoen ondorioz zaintza premia bereziak dituztenena". Horrela, azpimarratu egin du hizkuntza zeinen erabakigarra den pertsona horiek zaintza behar bezala jasotzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak