Emakumeen nazioarteko eguna tarteko, hamarkada batzuk badira Euskal Herriko kaleak morez janzten direnak. 2018ko greba feminista mugarri izan zen, eta ordutik, pandemiaren baimenarekin, manifestazio eta mobilizazio historiko bezain jendetsuak izan dira gurean.
Martxoaren 8a aspalditik da hitzordu garrantzitsua Euskal Herrian. Emakumeek kaleak bete dituzte, urteroko zitari jarraikiz. Salaketarako, aldarrikapenetarako zein jai girorako tartea izan da beti. Urtez urte, ozentzen joan den efemeridea izan da, eta 2018ko greba feministak iraultza ekarri zuen: more koloreko eztanda.
80ko hamarkadakoak eta 90ekoak dira EITBko artxiboan topatu ditugun irudi zaharrenak. Orduan ere, milaka emakume ateratzen ziren kalera, borroka feministaren beharra aldarrikatzera:
Jai giroa eta aldarrikapenak 1987an, Bilboko manifestazioan
Indarkeria matxistaren aurkako eta borroka feministaren aldeko pankartak 1994ko mobilizazioan, Bilbon
mendearen hastapenetan (2000. urtetik 2017ra) segida izan zuten manifestazio jendetsuek:
XXI. mendearen hastapenak, 2018ko ''eztanda morearen'' hazia
2018an, lehen greba feminista, "Greba feminista, emakumeak* planto" lelopean, mugarri izan zen. Ordura arte ikusi gabeko irudiak, Bilboko Areatza lepo eginda, Donostiako eta Gasteizko kaleak gainezka.
Emakumeek Euskal Herriko kaleak hartu dituzte greba egun historiko honetan
2019an, berriro egin zuen historia feminismoak, berriro ondu zituzten emakumeek marka guztiak. "Bizitzak erdigunean" jartzeko oihuarekin, mukuru egon ziren bazterrak. Bereziki gogoangarriak dira Bilboko irudi hauek, andrazkoak, ahots bakarrean, "Zutik, emakumeak" ereserkia kantatuz.
Mugimendu feministak milaka emakume atera ditu Bilboko kaleetara
Pandemia atezuan zegoela, 2020an kalera atera ziren berriro emakumezkoak. 2021eko etenaren ondotik, iaz, maskarak jantzita zituztela ere, kalera itzuli ziren feministak, eta aurten ere, oraingoan mugarik gabe, halatsu egingo dute. Hona hemen Euskal Herriko herri eta hirietan gaurko deituta dauden mobilizazio nagusiak.