Gizartea -
Bizkaia
Leioako Artatza parkean adingabe bati egindako sexu erasoa ikertzen ari dira
Segurtasun Sailak jakinarazi du ikerketa zabalik dutela, eta Adingabeen Fiskaltzak hartu duela bere gain kasua, ustezko erasotzaileak adingabeak direlako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak ikerketa abiatu du Leioako Artatza parkean iragan ostiralean gertatutako sexu erasoa aztertzeko.
Segurtasun Sailak gaur, asteartearekin, jakinarazi du ikerketa zabalik dutela, eta Adingabeen Fiskaltzak hartu duela kasua bere gain, ustezko erasotzaileak adingabeak direlako. Ez du, ordea, gertatutakoari buruzko datu gehiagorik eman.
El Correo egunkariak, bestalde, argitaratu du erasotzaileetako bat atxilotu egin dutela, eta erasoan nahastutako beste bi adingabeak identifikatu dituztela. Iturri horren arabera, aurki eramango dituzte epailearen aurrera, gertatutakoa azaltzeko.
Egunkari horrek erantsi du biktima Gurutzetako Ospitalera eraman eta bertantxe abiatu zutela sexu erasoekin lotutako protokoloa.