Gizartea -

Gazteak

Gazteentzako estrategia berria onartu du Jaurlaritzak, 28 urterekin emantzipa daitezen

Exekutiboaren planak hamar proiektu handi aurreikusten ditu; besteak beste, 300 euroko hileko laguntza 25-29 urteko pertsonentzat eta Gazte Enpleguaren Talka Plana, 13.500 lanpostu sortzeko.

Gazteen emantzipaziorako estrategia.
Gazteen emantzipaziorako estrategia.
Gazteen emantzipaziorako estrategia.

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia onartu du, Gobernu Kontseiluaren asteroko bileran. Estrategia horren helburua da gazteak independizatzeko adina bi urte aurreratzea, eta, horretarako, besteak beste, hilero 300 euroko laguntza emango diete.

Jaurlaritzaren estrategia berriak emantzipatzeko adina 28 urtera jaitsi nahi du, eta, beraz, 25 eta 29 urte bitarteko pertsonak ditu jomuga, independizatzeko urratsa egin dezaten eta horrek arrakasta izan dezan. Izan ere, gazte batzuek, lan egin arren, ezin dute bakarrik bizitzearen kostuak ordaindu. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da gazteen erdiak emantzipatuta egotea 2030ean, Europar Batasunaren batez bestekoaren mailan (% 50,6).

Estrategia horren barruko hamar proiektuak eta 27 ekimen osagarri bost ardatzetan egituratzen dira: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia. Jaurlaritzaren arabera, neurriek osatzen dute "belaunaldi gazteekin autonomia- eta bizitza- eta familia-proiektuak eraikitzeko prozesuetan lankidetzan aritzera bideratutako neurrien ekosistema bat".

Gazteen emantzipaziorako estrategia.

Estrategiak indartutako programen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Emantzipa, 300 euroko laguntza hilean alokairuko edo erosketako kontratu bat egiaztatzen duten 25-29 urteko pertsonentzat; Gaztelagun, alokairurako laguntzak 300 eurora arte handitzeko, eta Berpiztu, 2024ra arte 13.500 enplegu sortzeko, baita jaiotza tasa sustatzeko neurriak ere (200 euro seme-alaba bakoitzeko, 3 urte bete arte).

Gainera, sustapen publikoetako etxebizitzetan gazteentzako kupoa ere handituko da, eta laguntza espezifikoak ezarriko dira familien laguntzarik ez duten 25 urtera arteko gazteentzat eta zaurgarritasun egoeran dauden 18 urtetik gorakoentzat.

Jaurlaritzak azpimarratu duenez, onartutako estrategiak erakundeen eta herritarren arteko lankidetza hobetzea bilatzen du, emantzipazioa errazte aldera, eta gazteriarekin eta gazteriaren alde itun handia sustatu nahi du. Estrategiak 2022ko Gazteriaren Legea garatzen du, eta onartu da hainbat prozesu parte-hartzaile (Gazteriaren Euskal Kontseiluarekin, esaterako) egin eta Eusko Legebiltzarrak erronka demografikoari buruz egindako osoko bilkuran eztabaidatu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Etxebizitza