Gizartea -

Eguraldia

Larunbat argitsu eta epelaren ostean, moteltzera egingo du igandean

Ostiralean hobetzen joango da eguraldia, eta, larunbatean epel eta ateri eutsiko badio ere, igandean fronte bat sartuko da eta zaparradak ekarriko ditu, baita tenperaturen jaitsiera ere.

Udaberria eta zeru grisa. Argazkia: Iñaki Jauregi Bidaburu
Udaberria eta zeru grisa. Argazkia: Iñaki Jauregi Bidaburu
Udaberria eta zeru grisa. Argazkia: Iñaki Jauregi Bidaburu

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostirala gris eta, tarteka, heze esnatu bada ere, egunak aurrera egin ahala, hodeiak gutxitzen joango dira eta argitzera egingo du, baina mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura jaitsi egingo da. Arratsaldearen hasieran, kostaldean, 18 ºC-ren bueltan ibiliko da, eta 14-16 ºC inguruan barnealdean. 

Larunbatean, hego-haizea sartuko da, eta, tenperatura minimoak goizaldean zertxobait jaitsiko badira ere, eguraldiak argitzera eta epeltzera egingo du eta 20 graduren bueltan ibiliko dira merkurioak. Hala ere, erdi- eta goi-mailako hodeiak izango dira eta zerua ez da guztiz oskarbi izango; euri konturik ez da izango, ordea, ETBko "Eguraldia" saioko kideek azaldu dutenez. Haizea gauean hego-mendebaldetik finkatuko da eta indarra hartuko du.

Igandean, fronte hotz batek zeharkatuko du Euskal Herriko zerua, eta giro motela izango da. Zerua lainotuta egongo da eta zaparradak botako ditu tarteka, bereziki goizaldean eta gauean eta isurialde atlantikoan. Egunaren erdiko orduetan, hodeitza ez da horren trinkoa izango eta litekeena da ateri eustea. Haizea mendebal/ipar-mendebaldetik sartuko da eta tarteka harro ibiliko da, bereziki kostaldean; bertan, arratsaldean eta gauean, haize-boladak gogorrak izango dira. Tenperaturek 3-4 gradu egingo dute behera ipar partean eta 2-3 gradu hegoaldean. 

Abisu hori olatuengatik ostiral arratsaldean

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaur goizean, itsasaldean 2,5 metrorainoko olatuengatik, 05:00etatik 07:00ak arte egon da indarrean. Arratsaldean ere aktibatuko dute, 18:00etatik 19:00ak arte, itsasgorarekin bat etorriz. 18:29an izango da itsasgora, 4,56 metroko marearekin, eta 2-2,5 metro arteko olatuak espero dira. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Udaberriko albisteak