Gizartea -
IKERKETA JUDIZIALA
Gehituk ikerketa "sakona" eskatu du 2021ean Bilbon hildako bost gizonezkoren heriotzak argitzeko
Elkartea herri akusazio gisa aurkeztu da zazpi auzibidetan: gizon homosexualen ustezko bost hilketa eta bi hilketa saiakera argitzeko prozesuetan. Zazpi kasuak bateratzeko eskatu du gertaturikoa argitzeko eta erantzukizun penalak zehazteko.
EITB MEDIA
Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak ikerketa "sakona" eskatu du 2021ean Bilbon hildako bost gizonezkoren heriotzak argitzeko.
Kolektiboa herri akusazio gisa aurkeztu da ustezko hiltzailearen aurka zabalik dauden zazpi auzibidetan: gizon homosexualen ustezko bost hilketa eta bi hilketa saiakera argitzeko prozesuetan.
Hasiera batean heriotza naturaltzat jo zituzten, baina elkarteak uste du itota hil zituztela pentsatzeko arrazoiak daudela. Zazpi auzibide horietatik hiru artxibatu egin dituzte eta Gehituk helegiteak aurkeztu ditu epaitegietan.
Zazpi kasuak bateratzeko eskatu du, gertaturikoa argitzeko eta erantzukizun penalak zehazteko.
Ustezko bost hilketa horiekin lotuta, 25 urteko gizon bat atxilotu zuten iaz Irunen eta geroztik kartzelan dago. Epaiketa fasera iristear den bere kontrako lehen epaiketan, Gehituk 18 urteko kartzela zigorra eskatu du. Fiskaltzak, berriz, 9 urteko zigor eskaera egin du.
Elkartea oso kritiko agertu da Fiskaltzaren jarrerarekin, eta pasibitatea egotzi dio. Gaineratu duenez, "biktimen edo ustezko biktimen profilak" ikerketa baldintzatu du gertakariak sakon aztertzeko garaian.
Bestalde, erakundeen LGTBIfobia salatu du.