Gizartea -
Euskal Behatokiaren Ikerketa
Euskal gazteen % 46 emantzipatuta daude
Hamar gaztetik zortzik diote emantzipatzeko oztopo nagusiak etxebizitzaren salneurria, lanpostu egonkorra ez izatea eta soldata baxuak direla.
Erredakzioa
Euskal gazteen % 46 emantzipatuta daude (2003an baino 15 puntu gehiago), horietatik erdiak zorpetuta daude etxebizitza gastuak direla eta. Gainera,hamar gaztetik bik familiaren etxera bueltatu behar izan du, lana galdu dutelako edo etxeko gastuei ezin aurre egin izateagatik, besteak beste.
Horiek dira Gazteen Euskal Behatokiak 18 eta 34 urte bitarteko 1.762 gazteri egindako ikerketaren ondorioetako batzuk. Horren berri eman du gaur Natxo Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Gazteriaren zuzendariak.
Euskadiko emantzipazio tasa, Espainiako batez bestekoaren antzekoa da (% 45), hala ere, Europako batez bestekoa baino gutxiago da eta herrialde nordikoen zifretatik urrun dago (Danimarka dago buruan, gazteen % 17 baino ez da bizi gurasoekin).
Euskal gazteen iritziz emantzipatzeko adin egokiena 24 eta 25 urte artean dago. Hala ere, 30 urte da adin erreala, nahiz eta gurasoekin bizi direnen % 85ek emantzipatu nahi duen. Ezberdintasun hori, ikerketaren arabera, ekonomia arazoek sortzen dute.
Hamar gaztetik zortzik diote emantzipatzeko oztopo nagusiak etxebizitzaren salneurria, lanpostu egonkorra ez izatea eta soldata baxuak direla.
Emantzipatuta dauden gazteen artean, bikotearekin eta haur gabe bizitzea da ohikoena (% 67), hala ere, bakarrik edo lagunekin bizi direnen kopurua igo egin da (% 27).
Alokairuan bizi da gazteen % 46, eta etxe baten jabe direnetatik (% 51), % 43k 25 urtean ordaintzeko hipoteka bat dauka.
Kreditu horren hilabeteko batez besteko kuota 666 eurokoa da (595 Espainia mailan), eta gazteen % 45ek euren diru-sarreren % 30 erabiltzen dute hori ordaintzeko.
Alokairu errentaren batez bestekoa 564 euroko (544 Espainian), gazte hauen % 55aren etxebizitzaren diru-sarreren % 30 baino gehiago da.