Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Zortzi atxilotu, tartean bi bilbotar, hildako 22 adinekoren ondareaz jabetzea egotzita
Guardia Zibilaren arabera, sare horretako buruak Bilboko bi anai-arreba ziren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Guardia Zibilak zortzi pertsona atxilotu ditu Espainiako Estatuan, horien artean ustez sareko buruak ziren bi bilbotar, hildako 22 adinekoren ondareaz jabetzea leporatuta.
Atxilotu zituztenean 20 higiezin eta 71 kontu korronte zituzten kontrolpean. Besteak beste, talde kriminaleko kide izatea, lapurreta, agiriak faltsutzea, dirua zuritzea eta armak legez kanpo edukitzea leporatzen diete.
Ikerketaren arabera, sare horretako buruak Bilboko bi anai-arreba ziren. Emakumeak (63 urte) Zuzenbide ikasketak ditu eta gizona (54 urte), ostera, aseguru-artekaria da.
Tanatorioetan lan egiten zuten pertsonen bidez jakiten zuten noiz hil zen ondorengorik ez zuen norbait, eta hildakoen etxebizitzetan lapurretak egiten zituzten. Ondoren, Dénian (Alacant) eta Euskadin kokatutako higiezinen agentzien bidez, hildakoen jabetzak alokatu eta saldu egiten zituzten.
Zergak ordaintzea ekiditeko, eraikuntzako enpresak, aseguru bulego bat, Bilboko tailer mekaniko bat, Murtziako eta Valentziako bi hotel edo Deniako jatetxe bat baliatzen zituzten.
Urrian, zazpi miaketa egin zituzten Alacanten, Valentzian eta Bizkaian, eta suzko bost arma, ia 100 bitxi, 11.000 euro eskudirutan, gailu informatikoak, eskuko telefonoak, zortzi ibilgailu motordun, kriptotxanponak, 20 higiezin eta 71 kontu korronte atzeman zituzten.
Deniako 2. Instrukzio Epaitegiak espetxera bidali du atxilotutako emakume bakarra, eta kautelazko neurriak ezarri dizkie besteei.